Select Page

DemaSA lehiaketa martxan

Finalista edo sariduna izan zara ikus-entzunezko lehiaketaren batean?  Eta orain zer? Beste pausu bat gehiago emateko aukera daukazu. Aurkeztu zure lana Durangoko Azokako Irudienea guneak antolatzen duen #DemaSA lehiaketara, film laburren rally guztietako euskarazko sorkuntzen FINALISTEN FINAL HANDIA!

DemaSA lehiaketa, bigarren edizioa

Bigarren urtez egingo da #DemaSA lehiaketa. Asko dira Euskal Herrian urtean zehar antolatzen diren film laburretako rallyak eta horiek ezagutzeko aukera ez da sarri izaten. Lehiaketa hauetan finalista izan diren euskarazko lanak ezagutu eta onena saritzea da #DemaSA lehiaketaren helburua. Horregatik, deialdia egiten zaie sariketa hauetan parte hartu duten sortzaileei eta rally ezberdinetako antolatzaileei lanak aurkeztu ditzaten.

Hona hemen bete beharreko oinarriak:

  • Izen-ematea urriaren 1ean zabalduko da eta urriaren 15ean itxiko da.
  • Ikus-entzunezkoen webguneko fitxa honetan egin beharko da izen-ematea.
  • Euskal Herrian antolatzen diren ikusentzunezko rally batean finalista edo irabazle izaniko lanak soilik aurkeztu ahal izango dira
  • Lehiaketa edo rally hauek 5 eta 48 ordu arteko lehiaketak izan beharko dira, gai / leku / objektu bat oinarri izanda egindakoak, lehiaketa baten barruan.
  • Bi taldetan antolatuko da lehiaketa: 5 – 24 ordu bitartean eginiko lanak eta 24-48 ordu bitartean eginikoak
  • 2019ko lehiaketara, 2018ko urriaren 1etik 2019ko urriaren 1era eginiko lehiaketetako finalista edo irabazleak aurkeztu ahal izango dira.

Lehiaketa formatu ezberdinak kontuan harturik, honako sariak banatuko dira abenduan Durangoko Azokaren Irudienea gunean ospatuko den final handian:

  • 24 ordu baino gutxiagoan sortutako laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • 24-48 ordu tartean sorturiko laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • Publikoaren saria (proiektatuko diren lan guztien artean aukeratua): 300 euro

Herrietan lehiaketak ospatu ahala, Euskaltzaleen Topagunea iragarriz joango da finalerako zein film labur sailkatu diren.

Abenduko finalean Euskal Herriko lehiaketa guztietako finalistak izan nahi ditugu!