Select Page

Bizikidetza ariketa izan da Zubideiak

Egun betea eta aberatsa izan zen maiatzaren 7an Leioan, EHUko Bizkaiko Campuseko irakasleen unibertsitate eskolan, bizi izandakoa. Guztira 90 lagun hurbildu ziren Zubideiak gune irekira, eta iragarri modura, gizarte elkarrizketa zabal eta aberatsa egin zen bertaratutakoen artean.

zubideiak_leioa1Partaideen artean aniztasuna nagusi. Euskalgintzan ari diren euskaltzaleak, erakundeetako teknikariak, hezkuntza munduko profesionalak, etorkin kolektiboetako ordezkariak, unibertsitateko irakasleak, mundu kooperatibo eta enpresatako lagunak, gurasoak, ikasleak, gune irekien lagunak, umeak,… Euskararekiko harremana ezberdin bizi duten lagunak. Eta hortaz gain, egunean zehar itzulpen lanak egiten aritu ziren interpretariak, haurrekin jolas eta tailerretan aritu ziren hezitzaileak eta egun osoko irudiak jasotzen aritu ziren kameralari eta kazetariak.

Aurrez ezarritako agendarik gabe, partaideek arin osatu zuten egun osorako gaitegi eta eztabaidagaien panela. Gune irekiak eskaintzen duen espazio zabal horri edukia eman zioten era guztietako gaiek. Paper eta proposamenez bete zen agendarako espazioa: “Nola kudeatu hizkuntzen arteko harreman eta gatazkak espazio elebidunetan?”; “¿cómo l@s nuev@s ciudadan@s vasc@s accedemos al euskera?”; “zein izango da hizkuntza errealitatea 20 urte barru”, “hezkuntza sistema: konzentrazioak,…”, “sinergiak hizkuntza gutxituen defentzan”; “euskararen imaginarioa nola berritu kultur aniztasuna barneratzeko?”; “fracaso escolar: ¿qué hacer cuando el fracaso escolar está relacionado con el manejo del idioma?”, “lortu dugu!”; “euskararen aurkako zurrumurruen aurrean erantzuteko ideiak”; “¿cómo hacer que los inmigrantes sean parte del mundo laboral en euskera?”; “nola landu euskararekiko ditugun iritzi eta aurreiritziak / maitasun eta desamodioak?”,… Galderak, proposamenak, iritziak,… guztiak izan zuen lekua gai proposamenetan.

Lan taldetan, elkarrizketa bizi eta interesgarriak

Ordu eta erdiko hiru txandatan banatu zen eguna eta txanda bakoitzean hainbat elkarrizketa egin ziren aldi berean. Unibertsitateko interpretaritza ikasleen laguntzarekin hizkuntza ezberdinetan gauzatu ziren elkarrizketok (nagusiki euskara eta gazteleraz) eta komunikazio ariketa modura ere izan zuen balioa larunbatekoak.

zubideiak_leioa2Elkarrekintza, ezagutza, iritzi trukea, bestearen lekuan jartzea,… hainbat elkarrizketatan partaideek aitortu zuten besteen iritziak entzutetik aurrez zituzten iritziak aldatzeko balio izan zuela ariketak. Taldeen ondorioetan ere ikus daiteke, errealitate ezberdinek izan zutela presentzia elkarrizketatan eta elkar-ezagutzarako aukera paregabea izan zela larunbatekoa.

Hezkuntza, aurreiritziak, harrera-zerbitzuak, gertuko harremana lantzeko proiektuak, elkar-ezagutzarako espazioak, euskararen ikasketak eta transmisioa moduko gaiak behin eta berriro aipatuak izan ziren egun osoan zehar.

Talde bakoitzeko ondorioak egunean zehar horretarako prestatuta zeuden ordenagailuetan jaso ziren eta eguna amaitzerako, partaide guztiek txukun-txukun jaso zituzten egunean zehar jasotako ohar guztiak.

Bazkal-orduan Banaiz Bagara elkarteak bultzatutako catering-zerbitzuak eskainitako bazkari ederra gozatu ahal izan zen, eta eguraldia ere ezin-hobea zela aprobetxatuz, irakasle eskolaren pareko belardia elkarrizketarekin jarraitzeko leku paregabea izan zen.

Ondorioak eta aurrera begirakoak

Arratsaldeko elkarrizketa-txanda amaitutakoan, partaideak hasieran moduan borobilean bildu eta azken bi ariketak proposatu zituzten gune irekiaren gidariek. Lehenengo “ekintza proposamenak” pentsatu eta idazteko ariketa egin zuten partaideek. Ondoren, bakoitzak egunaren bukaeran bere ondorioak partekatu zituen taldean, egunak bakoitzari sentiarazi ziona.

Ariketa bietatik ondorio nagusi bat atera ahal izan zen: Zubideiak moduko bizikidetzarako espazio gehiago behar direla, aniztasuna eta euskara eskutik joan daitezen. Espazio horiek gertukoak, tokian tokikoan eta eskala txikiagoan egin daitezke, baina oso garrantzitsuak dira bizikidetza praktika horietatik sortuko baita elkar-ezagutza eta hurbiltasuna. Euskararentzat espazioak irabazten jarraitzeko, gertuko harremanetatik (ere) badugu zer-egina.

zubideiak