Select Page

Bigarren aldiz ospatu zen maiatzaren 23an Auzoko egitasmoaren jaia

Aniztasunean euskaraz bizitzeko aldarrikapena eginez, Eskoriatzako plaza betetzea lortu zuen jaiak. Hizkuntza eta jatorri ezberdinetako herritarrek euskaraz bizitzeko nahia eta bide horretan pausoak emateko borondatea erakutsi zuten beste behin ere.17970760390_b88b719e54_z

Jaiari hasiera emateko, ongi etorri ekitaldia burutu zuten herriko plazan. Auzoko egitasmoa martxan duten hamar herrietako ordezkariak igo ziren oholtzara, jatorri ezberdinetakoak izanik ere, guztiak euskaraz bizitzearen aldeko jarrera erakutsiz. Guztien artean “Aniztasunean euskaraz bizi” leloa zuen pankarta bat zabalduz bukatu zuten ekitaldia, hizkuntza aniztasunari keinu bat eginez.

Astero astero bilduz Auzokoren baitan burutzen diren dinamikak ezagutzeko aukera izan zuten ondoren bertaratu zirenek. Talde handietan banatuta, elkarrekin jolasean aritu ziren euskaraz dakitenak eta hizkuntzara gerturatzen ari direnak. Haurrek ere bere txokoa izan zuten munduko jolas eta eskulan ezberdinekin.

Jatorri ezberdinetako janari dastatzea egin zuten ondoren plazan bertan, Auzokon parte hartzen duten jatorri ezberdinetako herritarrek beraiek prestatuta. Aurreko urteko arrakasta errepikatu zuen dastatze berezi honek, oso positiboki baloratu baitzuten eskaintza plazara gerturatu ziren guztiek. Jaiari amaiera emateko, euskal plaza dantzak elkarrekin ikasi eta gozatzeko aukera izan zen.