Select Page

Topaguneak emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana eta eraso sexistaren aurrean jarduteko protokoloa onartu ditu

Topaguneak genero berdintasuna lantzeko hasitako prozesuari jarraituz, 2021 – 2023 urteetako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana eta Indarkeria Sexistaren aurrean jarduteko protokoloa osatu eta Zuzendaritza Batzordeak onartu egin ditu.

Berdintasun plan honek 2019an emakumeek eta gizonek Topagunearen baitan duten egoerari eta posizioari buruz eginiko diagnostikoan du oinarria. Berdintasun-neurrien multzo ordenatu bat da, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa erakundean txertatzea du xede, ondokoak lortzeko helburuarekin:

  • Berdintasunez eta modu paritarioan jardutea partaidetza eta zuzendaritza-organo guztietan.
  • Berdintasunerako gaiei buruz hitz egiteko espazioak berregitea, berrikuntzaren eta ezagutzaren sorkuntzaren zeharkako elementu gisa.
  • Kontziliazioa eta erantzukidetasuna hobetuko dituzten balioak sustatzea.
  • Egungo kontziliazio-politika berrikustea.
  • Emakumeek, oro har, egiten duten lanaren balioa handitzea eta ikusaraztea.
  • Arlokako proiektuen fase guztietan genero-ikuspegia txertatzea.
  • Komunikazioa eta koordinazioa hobetzea, oro har.
  • Hizkuntza eta irudiak berdintasunez erabiltzea.
  • Berdintasunerako kudeaketa txertatuta lortutako hobekuntzak gizarte-erakundeei transferitzea.
  • Eusko Jaurlaritzaren Berdintasunerako Euskal Legea betetzea, berdintasunezko Euskal Herria lortzeko eta berdintasun hori berrikuntzaren bidez lortzeko aurrera egiteko.

Gainera, plan honek, hasiera emango dio “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen” Emakunderen aitorpen ofiziala lortzeko hasi nahi den prozesuari.

Halaber, aipatutako diagnosian erakundearen baitako indarkeria sexista kasuak kudeatu eta bideratzeko protokoloa sortzeko beharra agertu zen. Ezin dugu ahaztu, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak enpresa orok protokolo bat izatea ezartzen duela.

Euskaltzaleen elkarteen mugimenduko kideentzat aurkezpenak

Hortaz, 2020an eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa sortzeko lehen pausuak eman ziren Topagunean.
Lan baldintzak eta eskaintzak hobetzeko emandako pausu honen berri emango du Topaguneak datozen asteetan, eta uztailaren 1ean Euskaltzaleen mugimenduko kideei zuzenduriko bi aurkezpen saio antolatuko dira, eginiko bidearen berri zehaztasun gehiagorekin azaldu eta sortutako dokumentuak partekatzeko.

Lehen saioa goizez egingo da, 10.00etatik aurrera. Eta bigarren saioa arratsaldean egingo da, 18.00etan. Saio hauek ordu eta erdikoak izango dira eta Topagunean egin den prozesuaren azalpena emateaz gain, elkarte bazkideentzako baliagarriak izan daitezkeen ereduak eta erreferentziak eskainiko dira. Saioetan parte hartzeko izen-ematea egongo da. Hurrengo asteetan zabalduko da izena emateko aukera.