Select Page

Ikus-entzunezkoak ekoizteko Benito Ansola sariketako izen-ematea zabalik

Euskarazko ikus-entzunezkoak sortu eta ekoizteko bi urtean behin antolatzen den Benito Ansola Saria martxan da berriro, bosgarrenez. Egitasmoak aurkezteko epea zabaldu da dagoeneko eta irailaren 2ra arteko epea izango dute ekoizle gazteek lanak aurkeztu eta 3.000 euroak eskuratzeko lehian sartzeko.

Sortzaile gazteei ikus-entzunezkoak sortzen laguntzeko helburua du Sari honek. Aurreko lau edizioetan Benito Ansola saria jaso duten sortzaile gazteek, ibilbide oparoa urratu dute ikus-entzunezkoen ekoizpenean. Horren adibide da azken edizioa irabazi zuen Ruben Rosas donostiarra, “Atsolorra” labur dokumentalarekin saritua.  Era berean, Euskaltzaleen Topaguneak arlo honetan dituen beste egitasmoekin batera, ikus-entzunezkoen sektoreari sormenean eta hedapenean bultzada eman nahi zaio.

Xede horretan bat datoz ekimenaren sustatzaile diren Euskaltzaleen Topagunea, Lekeitioko udala eta Euskal Zine Bilera. Baita beren babesa eman duten  Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa katedra eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza ere. Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izan zen Benito Ansola lekeitiarraren izena darama sariak.

Profesionalizaziorako bidean lagundu eta euskarazko zinemagintzari ekarpena egiten dio lehiaketak, irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatzen baitu bere proiektua.

Hainbat berrikuntza ekarriko ditu bosgarren edizioak

Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza gehitu dira sariketaren oinarrietan. Irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean. Horien artean erabakiko da V. edizio honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, eta 10 hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua burutzeko.

Parte hartu nahi duten gazteek, 2019 irailaren 2a baino lehen bidali beharko dituzte proiektuak. Horretarako, lehiaketaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.

Benito Ansola sariei buruzko informazio guztia (aurtengo oinarriak, aurreko edizioak, aurreko edizioetako irabazleak…) sariketaren webgunean duzue.