Topagunea

Auzoko Jaia, euskaratik mundurako dantza

Zerua gris esnatu arren, ekainaren 11n gogotsu heldu ziren hainbat txokotatik auzotar eta auzokideak Elgoibarrera. Aspaldiko partez, irribarre eta besarkadak izan ziren nagusi Herriko Plazako ongi etorrian eta Udaletxeko pleno aretoa txiki gelditu zen bertaratutako guztiak jasotzeko. Topaguneko, Elgoibarko Izarrako eta udal ordezkariek Auzoko herrietan egindako lana nabarmendu eta ikasturteari amaiera borobila emateko gonbita luzatu zieten Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Donostia eta Gasteizetik etorritako familiei.

BetiSua gazte txarangaren burrunbarekin batera piztu zen aurtengo Auzoko Jaia, baina gorputzak dantzan jarri aurretik hamaiketakoa egiteko elkartu ziren partaideak Aita Agirre kulturgunean. Ordurako euria ari zen Elgoibarko kaleak bustitzen, eta musikaz eta dantzaz girotutako ibilbidearen ordez Maalako Parkean jarraitu behar izan zuen festak. Eguraldiak, ordea, ez zituen animoak apaldu, eta egunak faltan zuen argia hainbat doinu eta kolorez bete zuten bertaratutako 200dik gora lagunek.

 

 

 

 

 

Euskal dantzen saioarekin egin zuen aurrera goizak. Borobilean eta eskutik emanda txulalai eta kalejira dantzatu zituzten txiki eta handiek, elgoibartarrekin batera giro aparta sortuta. Auzoko herrietako partaideek euren kulturen zatitxo bat Maalaraino ekartzeko tartea ere izan zuten, eta musika emanaldia edota marokoar eta nigeriar dantzen erakustaldi ederrak oholtzaratu zituzten, besteak beste.

Hainbeste dantza eta kanturen ostean indarrak berritzeko unea heldu zen eta mundu zabaleko hainbat jaki eta zapore batu ziren mahaiaren bueltan: enpanada sahararra, causa peruarra, bisbusa, arroza, baleadak, gulash, datilak, patata tortilla… Bapo-bapo bazkalduta, partaideek berriro jarri zituzten oinak airean Thierno Ibrahima Diedhiou koreografoak gidatutako dantza afrikarren tailerrarekin. “Bat, bi, hiru, lau!”, hauspotzen zituen Ibrahimak, salto eta buelta kontaezin artean.

Dudarik gabe, Auzokok eraiki nahi dituen bizikidetzarako guneen isla izan zen Elgoibar pasa den igandean. Giro aberatsa eta goxoa sortu zuten parte hartzaileek eta egitasmoa ezagutzera ematearekin batera, auzotar eta auzokideen arteko sareak josten jarraitzeko aukera ezinobea izan zen. “I’m happy”, “ongi etorriak”, “eskerrik asko”, “euskara gustatzen zait” edo “elkarbizitza bateruntz” irakur zitekeen arbelatxoetan eskuz idatzitako mezuetan. Harrera, esker ona, euskara, bizikidetza. Hortik abiatuta segitu behar dugu euskaratik mundurako zubiak eraikitzen; alegia, entzuteko, elkar ulertzeko eta partekatzeko momentuak eskaintzen. Gora zubigileak!

Exit mobile version