Select Page

Aniztasunean euskaraz bizitzeko aldarrikapena egin dute Bergaran Auzoko taldeek

300 lagunetik gora elkartu dira Bergarako Seminarioko karpan Auzoko egitasmoak lehen aldiz antolatu duen jaian. Hizkuntza eta jatorri ezberdinetako herritarrek euskaraz bizitzeko nahia eta bide horretan pausoak emateko borondatea erakutsi dute.

auzoko_jaia2Ongi etorri ekitaldiarekin eman diote hasiera jaiari. Bertan, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek “euskara guztion arteko komunikazio eta kohesio hizkuntza izanik, aniztasunak aberastu egiten gaituela” azpimarratu du. “Bergara herri euskalduna dela baina aldi berean oso anitza dela” gehitu du Maren Belastegi Bergarako udaleko ordezkari eta UEMAko lehendakariak. Bere esanetan, “Auzoko bezalako egitasmo batek aniztasun hori ezagutarazi eta jatorri ezberdinetako herritarrak harremanetan jartzea errazten du”. Ekitaldiari amaiera emateko, norberaren ama hizkuntzan hitz egin dute Bergara, Aretxabaleta, Azkoitia, Eskoriatza, Arrasate, Oñati eta Antzuolatik etorritako Auzokoko kide banak.

Euskaraz dakitenak eta hizkuntzara gerturatzen ari direnak elkarrekin jolasean jarri dituzte ondoren. Modu honetan astero herrietan egiten dituzten dinamikak erakutsi nahi izan dituzte, jende gehiago animatu dadin Auzoko taldeetan parte hartzera. Haurrek ere bere txokoa izan dute munduko jolas eta eskulan ezberdinekin.

auzoko_jaia1Arrakasta gehien jatorri ezberdinetako janari dastatzeak izan du ordea. Pakistan eta Senegaleko arrozak, Marokoko gozokiak, Saharako tea eta cus-cusa, Kolonbiako edota Nepalgo platerak probatzeko aukera izan dute bertaratu diren guztiek. Plateren izenak eta erabilitako osagaiak Auzokoko kideek beraiek aurkeztu dituzte taldeetan ikasten ari diren euskarazko hitzak baliatuz.

Batu taldearen musika afrikarrak eman dio amaiera festari. Danbor soinu, dantza eta euskarazko mezuekin, datorren urteko jaia prestatzeko gogoz utzi dituzte parte-hartzaileak.