Select Page

Euskararen aldeko aktibazio soziala aztergai udako ikastaroan

Bigarren urtez aztertuko da aktibazio soziala EHUren udako ikastaroetan antolatutako formazio eskaintzan. Euskararen aldeko aktibazio soziala: aukerak eta proposamenak izeneko ikastaroa iazkoaren jarraipena izango da. Donostian egingo da ikastaroa, Miramar jauregian. Ekainaren 27 eta 28an egingo da ikastaroa.

Iaz marko teorikoa eta ikuspegi praktikoak landu ziren ikastaroan, eta aurten praktika zehatzetan jarriko da fokua. Munduko beste hizkuntza gutxituetako hainbat aktibazio-esperientzia ezagutuko dira (Galesko kasua bereziki landuz), beste mugimendu sozialetako esperientzietan arakatuko da eta berauen artean, euskararen aldeko dinamiketarako baliagarriak izan daitezkeen proposamenak aztertuko dira, eta azkenik, begirada euskalgintza barruko egitasmo berritzaileetan jarriko da.

Aurreko urteko ikastaroan egin zen moduan, adituen eta arituen ekarpenak elkartuko dia ikastaroan, etorkizunera begira, hizkuntzaren aldeko aktibazio soziala handitzeko, zabaltzeko eta eraginkorrago bilakatzeko klabe nagusien eta erreferentzia praktiko erabilgarrien bila.

Iazko ikastaroan landutakoak ondoko bideoan laburtu zituen Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari eta ikastaroa zuzentzean arduratu zenak.

Gizarte aktibazioa helburu

Gizarte aktibazioa da Euskaltzaleen Topagunearen helburu nagusietako bat. Euskaltzaleen sare antolatua da euskara elkarteen mugimendua eta eragile izateko beharrezkoa du gizarte aktibazioa lantzea. Horregatik, Topaguneak antolatzen dituen hainbat jardueretan aktibazio soziala dago erdigunean.

Ondokoak dira ikastaroari jarri zaizkion helburuak:

  • Euskararen aldeko aktibazio soziala handitzeko eta eraginkorrago bihurtzeko gako nagusiak identifikatzea eta esperientzia praktikoak ezagutzea
  • Munduko beste hizkuntza gutxituetako aktibazio-esperientziak ezagutzea eta berauetatik ondorioak ateratzea Euskal Herrian aplikatu ahal izateko.
  • Beste mugimendu sozialetako esperientziak ezagututa, euskalgintzan ari diren erakunde, teknikari eta bolondresei, erreferentzia praktikoak eskaintzea

 

Ekarpen interesgarriak

Edukiari dagokionez, esan bezala, munduko hizkuntza gutxituetan egon diren aktibazio-esperientziak aztertuko dira (Galesko kasua bereziki aztertuz), euskalgintza aztertuko da feminismoaren eta LGTB mugimenduen begiradatik, ziberaktibismoaren ingurukoak landuko dira, feminismoa eta euskalgintzaren arteko harremana landuko da eta euskalgintzako zenbait aktibazio esperientzia berri aztertuko dira.

Hizlari izango dira Garabide elkarteko Maddalen Sobrino, Galesko Cymdeithas yr Iaith erakundeko lehendakari Mabli Siriol Jones, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaile Lorea Flores, June Fernandez kazetari feminista, Gorka Julio ziberaktibista eta kooperatibista, Emagin elkarteko kide Miren Aranguren, Errenteriako Lau Haizetara euskaltzaleen topaguneko kide Mikel Azkarate, TOKIKOMeko lehendakari eta Goiena-ko zuzendari nagusi Iban Arantzabal eta Laba elkarteko kide Yasmine Khris Maansri.

Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago eta ondoko loturan aurkitu daiteke informazio guztia eta izena emateko formularioa.