Select Page

18. Kameratoiko izen-ematea zabalik da

 

Gaur ireki da Kameratoia lehiaketan parte-hartzeko izen-emate epea eta urriaren 16ra bitartean egongo da zabalik, Kameratoiaren webgunean. Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen euskarazko ikus-entzunezkoen rally honek bere 18.edizioa beteko du aurten eta urriaren 21etik 23ra bitartean ospatuko da Lekeition.

Kameratoiak Paul Urkijo (Errementari, Irati) zuzendari ospetsua izango du gidari. Aurreko edizioetako Aitor Arregi eta Aitziber Garmendia izan ziren moduan, Paul lehiaketako gidaria izateaz gain, parte hartzaileei doako gidoilaritza ikastaro txiki bat emango die. Horretaz gain, Iban del Campo (Serendipia)l, iazko Euskal Zine Bilerako filme onenaren saria irabazi zuen zuzendariarekin batera lehiaketaren epaimahaikidetako bat izango da.

Edizio guztietan bezala, partaideek 36 ordu izango dute antolakuntzak emandako gai baten inguruan laburmetraia bat gauzatzeko. Honela ba, urriaren 21ean arratsaldez Paul Urkijoren ikastaroa eta gero kaleratuko da gaia, lehendabizi Lekeition eta minutu batzuk geroago webgunean. Behin gaia kaleratuta 36 ordu izango dute laburmetraia gauzatzeko. Honela, igandean, urriaren 23an, eguerdia baino lehen entregatu beharko dituzte ikus-entzunezkoak.

Ikus-entzunezko lehiaketa honek pandemia aurreko dinamika berreskuratuko du eta parte hartzaileak Lekeitiora etortzea gonbidatzen ditu asteburu pasa. Horretarako izena ematen duten lehen 20 partaidek gau bateko egonaldia doan izateko aukera eukiko dute. Lehentasuna bi gauko egonaldia egiten dutenak izango dute izen-emate ordenean.

Film labur hoberenak 800 euro irabaziko du eta Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan sailkatuko da. Bigarren hoberenak 350 euro jasoko ditu eta bozketa gehien jasotzen duenak Publikoaren Saria irabaziko du.

Info gehiago HEMEN