Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuen hizkuntz kalitatea neurtzeko ebaluazio soziala abiatu du Aldundiak. Aldundiaren egoitza atarietan egiten ari diren inkestez gain, webgune bat prestatu da Gipuzkoako herritarren iritziak biltzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkuntz kudeaketaren ebaluazio soziala antolatzeko, 2014ko maiatzean zehar inkestak egiten ari zaizkie erabiltzaileei Aldundiaren egoitzen atarian. Gainera, ahalik eta herritar gehienengana iristeko, internet bidez ere eman daiteke iritzia, webgune honetan.
Laguntza eskertzearren, produktu kulturalak erosteko 50na euroko 3 bono zozkatuko dira parte hartzaile guztien artean. Udazkenean, gizarte eragileekin egingo da prozesu bera, talde fokalen bidez. Azkenik, ebaluazio sozialaren informazioa osatzeko, beste iturri batzuk ere baliatuko dira, hala nola Elebide eta Behatokia erakundeen txostenak, Aldundiaren Zilarrezko Bikain agiria, Aldundiaren kalitate sistema, baita hedabideetatik jasotako berriak ere.
Ahize hizkuntz aholkularitza zerbitzuak egiten ari da lan teknikoa.
Gipuzkoako herritar eta elkarteek, beraz, aukera duzue iritzia emateko.