Imanol Artola, Felix: “Besteengan eragiten espezialista gara, baina gure barruak goxatzeko ere baliagarri izan behar dira euskara elkarteak”

Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldean dihardu Imanol Artola Arretxe Felixek, aktibazio proiektuetan, besteak beste. Aurtengo udaberrian Galtzaundin dagoen kezka bati erantzunez eta Hiznet graduondokoaren sakontze lanaren baitan, estres linguistikoa pairatzen dutenak ahalduntzeko ikerketa egin du. Titulu iradokigarria jarri dio lanari, gainera: Euskahalduntze taldeak sortzen: tokian tokiko euskara elkarteen zeregin berria?   Gemma Sanginés izan du gidari eta Kike Amonarriz laguntzaile ikerketan. Bertsozale mugimenduko partaide da Felix eta esperientzia hau martxan jartzeko emakume bertsolariek sortutako ahalduntze bertso-eskola izan du eredu.

Elkarrizketa izan dugu Felixekin eta azken hilabeteotan esku artean izan duen lanaren hainbat emaitza azaldu dizkigu.

 

Imanol Artola Arretxe, Felix

Ikerketa hau zuk Hiznet graduondokoaren azken lan modura egin duzu, baina Galtzaundi elkartean sortutako kezka batetik abiatu zenuen, ezta?

Bai, aspalditik zetorren kezka bat izan da gainera. Askotan hitz egin izan dugu, baina modu esplizitu batean lantzen duela gutxi hasi ginen. 2016 inguruan, Galtzaundiren ingurura belaunaldi berria gerturatu ginenean eta zuzendaritza berritu genuenean, bagenuen horrelako gauza bat buruan; baina orain arte beste zeregin batzuk izan ditugu.

Herri batzordeetako kideekin lanean hasi ginenean ikusi genuen bazegoela behar bat. Tolosaldea, Galtzaundiren eragin esparrua, 28 herrik osatzen dute, eta horietan guztietan talde-eragile bana izatea ez da erreala. Eta orduan galdera da: herri bateko eta besteko euskaltzaleak zerk elkartuko ditu? Euskaraldiaren bi edizioek erakutsi digute zein muga ditugun. Jendeari esaten diogu “egin ezazu euskaraz”, eta askok nahi dute; baina ezin dute. Nahi eta ezin horren arrazoi nagusiak dira ohiturak eta beste, baina jendearekin hitz egitean bestelako arrazoiak ere ikusten dira. Galtzaundiko lantaldekook eta zuzendaritzakook benetan ahobizi al gara? Salbu al gaude estres linguistikotik? Gugan ere badaude gabeziak. Eta galdetzen diogu gure buruari: “guk zergatik militatzen dugu? Euskara salbatu nahi dugulako edo gu geu ahaldundu gabe gaudelako?”. Behar horietatik abiatuz joan gara gaiari forma ematen.

Norbanakoak nola ahaldundu galderari erantzuteko, berriz, gu ezer asmatzen hasi beharrean, beste mugimendu batzuei begira jarri ginen. Ikerketa, besteak beste, gizarte-mugimendu batzuei begiratuta egin dut. Zer egin dute hainbat talde feministek azken urteetan emakumeak ahalduntzeko? Elkartu eta beraien artean hitz egin. Bestelako beharrak dituztenek ere berdin dute, drogarekin edo jokoarekin menpekotasuna dutenek. Elkartzea, nork berea partekatzea eta elkar ulertzea da oinarria.

 

Ikerketan aipatzen duzu euskara elkarteak ikuspegi soziolinguistikoan zentratu garela orain arte, norbanakook behar ditugun tresnatan edo ikuspegi psikolinguistikoan baino gehiago.

Azkenaldian asko zabaldu den ikuspegia da pertsonala politikoa dela, baina horrek ere estali ditzake norbanakoak bere modura egin beharreko hainbat lanketa. Hizkuntza gutxitu eta gutxiagotu batean bizi gara, eta horrek berak badakar guk sozialki zenbait gauza egin beharra, baina guztia ez da arlo sozialean bukatzen; norberak bere buruarekin lanketa batzuk ere egin behar ditu. Azkenaldian gai hau euskalgintzan gero eta gehiago ateratzen ari den arren, psikolinguistikan ez daramagu hamarkada bat baino askoz gehiago. Gemmaren [Sangines eta Ferran Suayren] lanetik hasi ginen duela 10-15 urte. Arlo horretan gauza asko dago egiteko oraindik.

 

Ahalduntze bertso-eskolak eredu

Bertsozale Elkartearen bueltan sortu diren Ahalduntze Bertso Eskolak hartu dituzu eredu modura, hurbiletik ezagutu dituzun esperientziak.

Emakumeen bertso-eskola feministari begiratu diot, gertukoak baititut hor ibili diren hainbat bertsolari. Galdetu nuen ea zer egiten zuten bertso-eskola feministan, ea teorizazioan aritzen ziren edo praktikoagoa zen. Eta batzuetan teorizaziora jo arren, norbere bizipenei garrantzia handi ematen diete. Lehenik eta behin zer kantatu nahi duten jakin, eta haien artean gai edo ikuspegi berri horietaz kantuan eroso sentitu; eta ondoren egin publikora salto, eta hasieran Ez da Kasualitatea moduko saio babestuetan. Elkartzea eta beraien artean normalean hitz egiten ez dituzten gai horietaz aritzea izan zen dinamikaren hasiera. Beraiek esaten zuten lehenengoz jarri zirenean ez zekitela zer jarraipen izango zuen ahalduntze bertso-eskolak, ez baitzen oso egituratua izan. Galtzaundin ere ez dugu argi orain gizarte mugimendu baten eguneroko esparrura nola ekarri, hamaika galdera ditut egunerokora ekartzeko; baina uretara salto egin behar dugu.

 

Ikerketan parte hartu duten lagunak Euskaraldian parte hartu duten eta hizkuntzarekiko kontzientzia dutenak izan dira.

Lehen ikerketa honetan ez dugu deialdi publikorik eta orokorrik egin. Aurretik 28 herrietan ditugun kontaktuekin hitz egin dugu, eta nukleoko pertsonei egin diegu ikerketan parte hartzeko proposamena; horiek ere beharra izango zutelakoan. Partaideetako bat kenduta, beste guztiak edo euskalgintzan ibili izan dira, edo kontzientzia handia daukate.

 

Bigarren ezaugarri interesgarri bat ere badu taldeen osaketak: ez dago taldea gidatzen duen aditu baten presentziarik.

Hasieran argitu genuen galderetako bat izan zen: gidariak aditu funtzioa izan behar zuen, edo partaideei hitz egiten utzi behar zien? Nire helburua zen Tolosaldeko herrietara edo Euskal Herrira zabaltzeko moduko zerbait probatzea. Adituekin Telp tailerrak edo Eusliderrak badauzkagu, baina hori bera nola egin daiteke gizarte mugimendutik, eta gizarte mugimenduarentzat? Eta lortu al daiteke aditurik gabe edo teorizazio handirik gabe egiterik? Lehen hiru saioetan zertzelada txiki batzuk eman nituen, baina bakoitzean ez ziren 10 minutu baino gehiago izan. Gehiago teoriza nezakeen, baina hori gero beste herri batera eraman nahi bada, ezingo litzateke erraz egin. Nire helburua izan da frogatzea ea inongo adituren beharrik gabe egin ote daitekeen, gero beste herri batzuetan martxan jarri ahal izateko; gutxieneko pauta batzuekin betiere.

 

Elkarri entzunez

Esperientzian parte hartu dutenek garrantzia handia eman diote talde hauetan elkarri entzuteko izan duten aukerari. Norberaren prozesuan besteenak entzuteak lagundu diela azaldu dute partaideek.

Hori da partaideek adierazi dutena. Norberak ematen dituen urratsez ez gara ohartzen, guk normalean geureari garrantzia kentzeko joera izaten baitugu. Ikerketan parte hartu dutenek esan dutenez, besteek esandakoak entzutean konturatu dira norberak zein urrats eman dituen. Elkarri ikusarazi diote bakoitzak lehen saioan esandakotik zer aurrerapauso lortu dituen azken saioetarako. Eta, batez ere, oso garrantzitsua da bestea entzunez norbere beldurrak eta norbere burua ulertzera iristen garela; ordura arte hitzetan jartzen ez genekizkien beldurrak edo emozioak besteen hitzen bidez ulertzen ditugula.

 

Prozesuan zehar partaide bakoitzak bere buruari jarri dizkio helburuak, epe laburreko helburuak. Ikerketan aipatzen duzunez, prozesuan zehar helburu horiek doitzen joan dira eta doitzen joan diren neurrian egingarriago izan dira.

Bost asteko ariketa bat izan da, eta sei aldiz bildu gara tarte horretan. Bost astetan zenbat urrats eman ditzakegu? Horrek ekarri du batek laneko bi kiderekin hizkuntza ohitura aldatzeko helburua jarri izana, besteak lagun batekin, eta beste batek bere zumba irakaslearekin, adibidez. Baina partaidetako batzuek, hasieran, helburu handiagoak jarri dituzte, eta helburu handiegiak jartzen ari zirela ikusi arren, ez diet ezer esan. Nire lana adituarena izan balitz beharbada esan egingo nien, baina bakoitzari bere bidea egiten utzi diot. Bizpahiru aste pasa ostean eta helburu handiegiak jarrita zituztela ikusitakoan, zehatzagoetara jo zuten, eta horrela gerora ikusi dituzte aurrerapausoak. Norberak joan behar du ikusten; azken finean, bakoitzak egin beharreko lana baita.

 

Euskaraldia moduko ekimenetan jartzen diren helburu handiak eta norabide horretan norberak eman beharreko urratsak uztartzeko beharra dago, beraz.

Bai, zergatik elkartu dira sei lagun horiek talde honetan? Ezin batzuk dituztelako. Behin elkartuta eta lortu nahi den helburua esanda, ezin da helburua berez lortu. Horregatik da beharrezkoa helburu txikiak jartzea, urratsez urrats joatea. Lehenengo izango da norberak dituen ezinak, beldur txikiak eta aurreiritziak ezabatzen hastea. Gero, ulertzen duela jakin arren euskaraz egiten ez duen lagunarekin hastea, eta ez ulermen maila justukoa duen lagunarekin. Salbuespenen bat kenduta, denek eman dituzte lehen urratsak jakinda parekoak ulertuko ziela, eta jarrera ona izango zutela. Batzuen poza ikustekoa izan da bosgarren edo seigarren saioan aipatu dutenean: “orain bera etortzen zait euskaraz”.

 

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko hainbat gako

Lau multzotan banatu dituzu esperientziak eta nagusiki ikusten da garrantzia handia dutela hizkuntza ohitura aldatu nahi den harremanaren sakontasun mailak eta ulermenak.

Harremanaren sakontasunak maila handiagoan edo txikiagoan eragin du. Harremanaren sakontasun horrek lagundu dezake baldin eta solaskideak gaizki hartuko ez badu, eta hori baldin badakizu; baina era berean, sakontasun horrek berak ekar dezake hizkuntza aldatze hutsak elkarrizketa desnaturalizatzea. Kideak ondo ulertzen duenetan ikusi da nahiko azkar ohitu direla hizkuntza berri horretara. Beraz, harremanaren sakontasunak ekar ditzake erraztasunak bezalaxe, zailtasunak ere.

Ulermenari dagokionez, berriz, oso garrantzitsua da jakitea muga non dagoen, hau da, non dagoen gure jarrera asertiboaren eta besteari erakutsi behar diogun enpatiaren arteko muga hori. Bakoitzak jakin behar du norbera muga horretan non sentitzen den eroso, denontzako ez baitago muga leku berean; eta ez da erraza muga hori zehaztea.

Muga guztiak dira deserosoak, baita hizkuntzarenak ere. Ulermen zulatuaren gaiak jendea deseroso sentiarazten du. Mugara noanean noiz ari naiz jarrera asertiboarekin nire eskubideak defendatzen, eta noiz ari naiz besteari errespetua faltatzen? Esan bezala, oso zaila da jakitea; baina zaila bezain garrantzitsua da.

 

Lehenago aipatu duzu Galtzaundik baduela asmoa esperientzia berriak abiatzeko eta interesgarria izan daitekeela beste euskara elkarte batzuek ere martxan jartzeko.

Jarraitzeko asmoa dugu, baina ez dakigu oraindik zer forma eman. Zalantzak ditugu: taldeek irekiak edo itxiak izan behar duten, zein maiztasunekin elkartu behar diren, zein iraupen izan behar duten, herri batean martxan jarri edo bost herritan ordutegi jakinekin abiatu,… Horregatik orain emakumeen ahalduntze eskoletan nola egiten duten aztertu nahian gabiltza. Jasotzen dugun informaziotik abiatuta proposamen bat egiteko asmoa dugu. Herriren batek interesa agertu du dagoeneko eta espektatibak betez gero aukera ikusten dut bertan euskahalduntze taldea martxan jartzeko.

 

Euskara elkarteen zeregina

Lanaren izenburuan galdera modura jarri duzu “euskahalduntze taldeak sortzea” euskara elkarteen funtzio izan behar ote duen.

Izenburukoa galdera erretorikoa da. Nik baiezkoa esango nuke, horretan ere egon behar dugula; eta gehiago ere esango nuke: konbentzituta nago gure zereginik garrantzitsuenetako bat dela. Euskara elkarteak euskaltzaleok biltzen gaituzten guneak dira, eta euskaltzaleok saretzea da gure lana. Saretze hori besteei eragiteko sortu dugu eta horretan espezialistak gara, baina gure barruak goxatzeko ere izan beharko du ba! Nik hori oso garbi ikusten dut gureak moduko herrietan (200-300 biztanle, herrien artean bost-sei kilometro,…). Hemen nola egin genezake euskalgintza? Euskaltzaleak ahaldunduz. Gero, aurrera begirako ikerketarako proposatzen dudana da, eta doktorego tesi baterako gaia ere izan daitekeena: norbanakoak ahaldundutakoan aktiboago bihurtzen al dira? Topaguneak edo euskara elkarteok galdetu eta aztertu beharko genukeen gaia dela iruditzen zait: ahalduntzeak aktibatzea ekartzen al du? Edo ahaldundu gabeko pertsona da aktiboagoa, bere barruko egonezinak ingurua mugiaraztera daramalako?

 

Esperientziaren helburuan bertan aipatu duzu ahalduntze eskola hauek balio beharko luketela euskaltzaleen bizi kalitatea hobetzeko. Baina beste ikuspegi bat ere egon daiteke, euskaltzaleak eragiteko agente aktibo bihurtzearena.

Bi ikuspegi ezberdin dira, hala da. Badago jarrera bat “niri on egin dit eta zuei ere on egitea nahi nuke” dioena. Eta beste bat izan liteke ingurukoen inbidia izatea: “ostras, honek lortu du”. Bigarren hori ikusi izan dut mugimendu feministan, hau da: belaunaldi gazteagoko batek belaunaldi helduagoko beste emakume bat miresmenez ikustea, haren jarrera emakume ahaldundu batena dela iruditzen zaiolako. Euskaltzale alai bat azaltzen bada, bere euskara eroso bizi duena, eta ahal duen guztietan euskaraz bizi dena, pertsona hori inbidiagarria izango da askorentzat.