Elena Laka izango da Topagunearen presidente berria

Elena Laka eta Mikel Irizar

Urteko Batzar Nagusia egin du Euskaltzaleen Topaguneak gaur, apirilaren 5ean, Gasteizen. Giro onean eta bazkideen ordezkaritza zabalarekin, azken bi urteotan Topaguneko presidente izan den Mikel Irizarrek, lekukoa pasa dio Elena Lakari.

Laka abokatu eibartarrak gogoz hartu du kargua. Mikel Irizarri azken bi urteotan egindako lana eskertu dio presidente berriak eta Topaguneko zuzendaritzan bost urtez parte hartu duela ekarri du gogora; beraz, martxan dauden lan-ildoak ondo ezagutzen dituela eta jarraipena emango diela azpimarratu du.

Lau urtetako lanaren balorazioa

Azken lau urtetan Euskaltzaleen Topaguneak egin duen bidearen balorazioa egin da batzarrean. Mikel Irizarrek 2010eko urtarrilean euskara elkarteen mugimenduak Durangon egindako jardunaldietan Topaguneari mugimendua indartzeko eskaera egin ziola gogoratu du. Ondoren, bi gogoeta prozesu sakon egin eta azken bi urteotan gogoetaren ondorioetatik martxan jarritako ekimenak eta mugarri izan diren jarduerak zerrendatu ditu. Euskaltzaleen mugimenduak salto kualitatibo handia eman duela azaldu du eta nagusiki lidergoan asko irabazi dela azpimarratu. Hainbat bazkidek hartu dute hitza ondoren eta bat egin dute aipatutakoekin, betetzeke dauden lanak aipatzearekin batera.

Montehermoso kulturunean egin da batzarra

Mugimendu modura euskaltzaleei plazara ateratzeko deia aipatu eta Topaguneak euskaltzale guztien artean adostasunez oinarri batzuk partekatu eta helburu berriak martxan jartzeko lan egiten jarraitu behar duela gogoratu da.

Koldo Mitxelena gogoan

Batzarra aste honetan hil den Koldo Mitxelena …eta kitto! elkarteko koordinatzailea gogoratuz hasi da. Urtetan …eta kitto! elkarte eta aldizkariaren bihotza izan zen Koldo, baita Topaguneko zuzendaritzakide ere 2001 eta 2003 urteen artean.

Urteroko batzarraren egiturari jarraituz, 2013 urteko jarduerari errepasoa eginez jarraitu du batzarra eta jarduera horri lotutako diru-kontuak aurkeztu dira horrekin batera. Iazkoa urte kritikoa izan dela azpimarratu du Mikel Irizarrek; kritikoa, egoera ekonomikoak aurreko urtean baino estuago hartu baitu Topagunea eta, kritikoa baita, onartutako eraldabideei gogor heldu eta eraldaketa martxan jartzeko urtea izan baita. Bi faktore horiek kontuan hartuta, ondo baloratu da urteko emaitza.

Eraldabideetatik eratorritako lan-ildo nagusietan sakontzen jarraitzeko erabakiarekin onartu dira, era berean, 2014 urteko Kudeaketa Plana eta aurrekontua.

Bazkide berria

Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Topagunea sortu berri da eta sortu bezain laster Topaguneko bazkide izateko eskaria egin du. Ahobatez onartua izan da. Horrekin batera, urtean zehar egon diren hiru bajak ere gogora ekarri dira. Guztira 93 euskaltzaleen elkartek osatzen dute beraz Topagunea.

Eta honenbestez, gogoz eta indarrez berriturik eman zaio bukaera batzarrari.