Ekainaren 12an Tipi-Taupa jaia Gatikan

tipitaupajaia_gatikaZazpi hilabete pasa dira, ziztu bizian, Tipi-Taupa ekimena aurkeztu zenetik Gatikan. Azaroaren 15ean iragarri zen zenbait ekintza egingo zirela euskarari bultzada berria emateko, eta mugimendu bizia izan da geroztik herrian:

Otsailean landatutako euskararen zuhaitza indartsu dago; Euskararen Kriseiluari, euskararen suari, hauspoa eman diote Gatikan, etxez etxe. Gogoeta prozesutik bi talde aktibatu dira Gurasolagun programa sortzeko eta herriko komertzioetan eragiteko.

Gatika abian da, euskaltzaleen mugimendua indartzen ari da! Tipi-Taupa agurtu eta hemendik aurrerako bideari ongietorria egingo zaio ekainaren 12an, jai xume bezain berezi batekin. Hona hemen egitaraua:

12:00etan: Gaztetxokoan

  • Tipi-taupa bideoaren emanaldia.
  • Kamiseten zozketa.

12:30ean: Plazan

  • Luntxa
  • Zirko tailerra

 

Diman maiatzaren 27 eta 28an

Diman ere martxan egon den egitasmoaren bukaerako jaia ospatu da maiatzaren azken asteburuan. Dimako euskaltzaleek gogoz heldu diote Topagunetik bota zaien erronkari eta urteko lanaren lehen fruituak maiatzaren 27an ikusi ahal izan dira.

Abendua eta urtarrila artean egindako parte hartze prozesuaren ondoren Abizarie euskara alkartea sortu dute herriko euskaltzaleek eta maiatzaren 28a baliatu dute aurkezpena egin eta Dimako kaleak euskarazko ekintzez betetzeko. Ibilbide luze baterako lehen kale ekintza, urte askotarako Abizarie!

Maiatzaren 28an berriz, sei astez etxez-etxe ibilitako Euskararen Kriseiluari agurra egin diote Dimako haur eta gurasoek. Miren eta Eiderrek ipuin kontaketa saio ilustratua egin ondoren, tailerrak egin dituzte bertaratutakoek. Musikarekin gozatu dute hainbat gaztetxok, bitartean kartoizko kutxekin egindako eraikuntzak, zirko tailerrak eta graffitiak aukera eman die sormen eta gozamenerako.

Urte betea amaitzeko ospakizun giroan pasa dituzte bi egun dimoztarrok.