Eibarko …eta kitto! astekariak UKAN berrikuntza saria jaso du

Eibarko ...eta kitto! astekariak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika Sailak ematen duen UKAN Berrikuntza Saria jaso du, aldizkariak erakutsi duen etengabeko berrikuntza eta egokitzapenarengatik.

Ukan Berrikuntzan saritutakoak, antolatzaileekin bateraGaur, 2009ko otsailak 2, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan den ekitaldian, Hizkuntz Politika Sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, eta Kultura Sailburuak, Miren Azkaratek, UKAN berrikuntza saria eman diote Eibarko …eta kitto! astekariari. Sariaren helburua berrikuntza eta eredugarritasuna bultzatzea da. Izan ere, Patxi Baztarrikak sari banaketa ekitaldian azpimarratu du ...eta kitto! “egokitzeko eta etengabean hobetzeko ahalegina; hartzaile berriak bereganatzeko eta aurrekoei eusteko estrategia; eta biziraupen ekonomikoa bideragarri egiteko bide berriak aurkitzeko ahalegina”. Erronka ere hortxe utzi du Sailburuordeak: “Badira bide horretan ahalegintzen diren euskarazko hedabideak, baina, egia esateko, diren baino askoz gehiago ikusi nahiko genituzke jarrera eta jokabide berritzaile horrekin”.

…eta kitto!-ren lan-talde osoa izan da saria jasotzeko ekitaldian. Elkartearen presidenteak, Juan Barahonak, eta aldizkariaren koordinatzaileak, Koldo Mitxelenak hartu dute hitza haien guztien izenean. Saria eskertzeko, gutun irekia irakurri dute …eta kitto! elkartearen sortzaile eta haren alma mater  Fernando Muniozguren zenari zuzendutakoa: “Urtero sartu dugu berritasunen bat aldizkarian, horren adierazgarri da gaurko saria, eta gure diru sarrerak publizitate, diseinu lan eta itzulpengintza lanekin gero eta garrantzitsuagoak izatea nahi izan dugu. Baina gaur eguneko lantaldeari tokatu zaigu saria jasotzea. Eta lehenago aipatutako guztiei egindako lana eskertzeaz gain, bereziki zuri eskertu beharra dugu, alde batetik aldizkaria sortu zenuelako, gero indartu, berritzen erakutsi zenigulako eta guregan jarritako konfidantza handia izan delako beti”. Miren Azkarate kultura sailburuak ere gogoan hartu du Fernandok utzitako uzta, eta hark hasitako egitasmoa “esku onetan dagoela” azpimarratu du.

Aldizkariak irakurleen azterketa egin zuen 2008an, herrian idatzizko hedabiderik kontsumituena zena argi utzi zuena, zenbaki bakoitzeko 14.000 lagunek irakurtzen baitute ...eta kitto! Gainera, hogei urte egin berri ditu aldizkariak, eta urtea hastearekin batera diseinu eta formatu berria estreinatu du, beti ere orain arteko irakurleak mantentzeko eta irakurle berriengana ere iristeko ahaleginetan. Astekariaren inguruan sortutako osagarriek ere (gida komertziala, txikitto…) aipamena izan dute sari banaketan.

Ukan Berrikuntza sariarekin batera, Ukan Publizitate saria ere banatu du HPSk. Aurten, Euskaltelen zuntz optikoaren publizitate kanpainak jaso du saria, eta Bilboko DermiTEK klinikak euskaraz egindako kanpainak, berriz, aipamen berezia.