Diru bilketa kanpaina Iruñerrian euskarazko telebista jartzeko

Gauzak ondo bidean, datorren astean bertan abiatuko da Iruñerrian euskara hutsezko tokiko telebista martxan jartzeko diru-bilketa kanpaina erraldoia. Helburua betez gero, urtarrilean bertan hasiko dira emisioak.

Xaloa Telebistako lankideak, Oronoz-Mugairiko egoitzan

Xaloa Telebistako lankideak, Oronoz-Mugairiko egoitzan

Joan den urtean Nafarroako Gobernuak LTD bidezko tokiko telebistetarako lizentziak banatzeko lehiaketa egin zuenean, 1997tik Baztan-Bertizarana-Malerreka inguruan emititzen duen Xaloa Telebistak aukera paregabea ikusi zuen bere proiektua sendotzeko. Lan asko eta apustu ausarta eginda, Xaloak Iruñerrian emititzeko lizentzia eskuratu du.

Albiste izugarri ona da, noski, baina erronka handia dakar atzetik. Telebista martxan jartzeko, Xaloak hasierako inbertsio handi samarra egin beharra dauka, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleei zuzendutako crowdfunding kanpaina abiatuko du datozen egunotan, Karena plataforma euskaldunaren bidez.

Kanpainaren helburua 50.000 euro lortzea da, Xaloak Iruñerriko eremua ondo estaltzeko behar dituen bi emisoreen eta haien instalazioaren kostua, hain zuzen ere. Kopuru hori ekarpen txiki asko jasota biltzea da helburua. Iruñerriko euskalgintzako eragileek, Topaguneak berak, TOKIKOMek eta Udalbiltza bezalako erakundeek ere kanpainaren alde egingo dute.

Datozen egunotan argitaratuko dugu egitasmo honi lagun nahi dioten norbanako zein elkarte eta erakundeek zer/nola egin behar duten. Bien bitartean galderarik izanez gero, xaloakanpaina@tokikom.eus helbidera idaz dezakezue informazio eske.