Derioko TopaEguna: gozagarri, pizgarri eta gertuko

Gertukoa eta pizgarria izan zen larunbatean Derion ospatutako hirugarren TopaEguna. Euskaltzaleak batu, amets egin, esperientziak trukatu, gozatu eta, batez ere, elkarrekin egoteko egun paregabea izan zen.

Iban Arantzabalek ezin-hobe azaldu zuen twitter bidez zabaldutako mezuan:

Topa egiteko deia zen TopaEgunekoa eta horixe bera egin genuen larunbatean, euskaltzaleon eta gure mugimenduaren alde egin genuen topa. Elena Laka Topaguneko presidenteak bere hitzaldian aipatu zuen modura, orain baita momentua euskaltzaleon lanari bultzada berri bat emateko, eta horretarako, inoiz baino beharrezkoa izango baita elkarrekin aritzea. Tximintxeko kideen mezua ere ildo beretik joan zen: “denok gara Topagunea, denon artean egiten dugu Topagunea” egin zuten aldarri eta euskaltzale guztiak norabide berdinean lan egitera gonbidatu gintuzten.   Elkartrukea eta festa giroa uztartzeko moduko egitaraua antolatu zen hitzordurako eta bietarako parada izan genuen Deriora hurbildutako euskaltzaleok.

Argazkia: Derioko Plaza – Ane Leniz CC-by-nc-sa

Derioko Tximintx euskara elkarteko kideek anfritioi lana egin zuten goizean goiz, ekitaldi xume baina esanguraz betetakoarekin abiatzeko eguna. Goizeko hamar t’erdietan bertaratutakoek Kultur Birikaren aurrean ametsak eta berbak erein zituzten. Adarraren soinuarekin bildu, Derioko dantzarien agurra jaso eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako ametsak kutxa baten barruan gorde ziren. Nolakoa nahi duzu herriko euskararen egoera 15 urte barru? galderari erantzunez idatzitako berbak erein eta 2029an jasotzeko konpromisoa hartu zuten Tximintxeko kideek. Badugu 15 urte barrurako hitzordua, beraz.     15339921697_14973a17ca_m Ekitaldiaren ondoren trukegunearen txanda izan zen. Euskaltzaleen mugimenduak egitasmo interesgarri asko ditu martxan eta aukera oso ona izan zen horietako batzuk ezagutzeko, bederatzi hain zuzen ere. Hiru gelatan banatu ziren saio hauetara hurbildutako lagunak eta  oso mota ezberdineko egitasmoak ezagutzeko aukera izan zuten. Bederatzi egitasmoen artean izan genituen aisialdi arlotik abiatutako eta haurren hirian oinarritutako egitasmo batetik (Txatxilipurdi elkartearen Berramesten egitasmoa), boluntarioak elkartearen bueltan aktibatzeko egitasmo baterarte (Pil Pilean elkartearen denboraren bankua); eta bien artean kultur, familia transmisio, aniztasun eta hedabide egitasmoak, besteak beste. Guztiei buruzko informazio laburra zabaldu genuen aurrez, baina gehiago nahi duenak ere eskura izan dezake hemendik aurrera (Topagunean eskatu eta harremanetan jarriko zaituztegu).

Baina goizak askoz aukera gehiago ere eskaini zituen. Derioko gazteak umeentzako tailerrak eskaintzen aritu ziren (eskuz margotutako panela prestatu zuten bazkaltzeko gunerako) eta eguerdian abiatu zen Derioko kanposantutik bisita gidatua, Jose Angel Mentxakak zuzendua (Derioren ezaugarri berezietako bat da Bilboko kanposatua bertan egotea, eta kontu interesgarri asko aurki daitezke bertan).

Argazkia: Derioko plaza, Aner Mentxaka CC-by-nc-sa

Bitartean, herrian lanean ziren Lezamako talogile eta txakolingileak, Dinbi Banda batukadaren erritmoan eta Erandioko kilikien konpainian (tartean ibili ziren Txatxilipurditarren Eguzkilaru, Berbaizuko lagunen Maribeltz eta Berbots erandioztarren Berbotxo). Kantujirara ere jendea hurbildu zen, herria kantuz betez. Boga garagardoa dastatzeko aukera ere izan zen eguerdi parte horretan. Ordu hortarako iritsiak ziren Getxotik irtendako txirrindulariak.

dinbi-banda

Dinbi Banda batukada

Larrain dantzaren doinua amaitzerakoan bazkaltzeko txanda heldu zen eta bertan izan genituen alkatearen ongi-etorria eta Elena Laka Topaguneko presidentearen hitzak. Euskaltzaleon ekarpenaren aldarria egin zuen Elenak hitzaldi laburrean, inoren eta ezeren zain egon gabe, euskaldunon komunitatearen etorkizuna nagusiki euskaltzaleon esku dagoela azpimarratu baitzuen, lanean eta gozatzen jarraitzeko gonbitea luzatuz. 

Txerra Rodrigez (Tximintx), Tomas Arrizabalaga (Ttakun), Elena Laka (Topagunea) eta Lander Aiarza (Derioko alkatea) Argazkia: Derioko Plaza, Oihane Goienetxe CC-by-nc-sa

220 lagun batu ginen Derioko frontoian bazkaltzen, giro ezin-hobean eta arratsalderako indarrak biltzen. Bazkal-ondorena ekitaldiz gainezka etorri baitzen: Martin Bertso eta Largabista Irrien Lagunak haurren kantu- eta dantza-lagun bihurtu ziren bitartean (ondoren gaztelu puzgarriekin herritar ugari hubildu zen frontoi aldera), Beñat Aiartzaren musikak eta Jone Larrinaga, Itsaso Paya eta Arrate Illaroren bertsoek bete zuten frontoiko bazkal-ostea eta Bertoko musika taldekoek kantuan jarri gintuzten bazkaltiarrak.

Ekitaldiaren txanda izan zen ondoren. Gustura agertu ziren Tximintx elkarteko lagunak (biharamunean egin zuten balorazioan ere gogora ekarri dute) eta “denok gara Topagunea” ozen esanez, iazko TopaEguneko antolatzaile izandako Deba bailarako elkarteetako kideak kantura gonbidatu zituzten. Eguneko argazkia ere orduan egin genuen, “TopaEguna, Derio 2014, Tximintx” mosaikoa osatuz.  

     

Eta azken txanpan, musika. Fan&go erromeria taldearen giroa lehenengo eta Gibelurdinek zein Zizka Mizka taldeak ondoren, egunari bukaera bikaina emateko moduan.

Giro ederra, hartu-emanerako aukera bikaina eta Tximintxeko lagunen harrera beroa. Aurtengoa ere demasekoa izan da eta Tximintxeko kideen lana, ikaragarria. Derioko euskaltzaleek jende bikaina daukate elkartean!

Tximintx elkarteko lagunak

Tximintx elkarteko lagunak

Bazkal-aurreko ekitaldian jakin zen hurrengo urtean TopaEguna non eta nork antolatua izango zen. Tximintx elkartekoek lekukoa Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkartekoei pasa zieten, Laboaren kantuaren hitzak gogoratuz.        

gure hitzak / esan berriz esan

ez daitezela ahaztu / ez daitezela gal

elur gainean / txori hanka arinek

utzitako arrasto sail / ederra bezalaxe

 

Horrela bizi izan genuen larunbateko TopaEguna: xume eta goxo. Hurrengo urtean, badugu hitzordua, Lasarte-Orian.

Han-hemenka bildu ditugu argazki galeriak eta jarraipenak:


//