Berrindartu eta jauzi

Abagune historiko honetan ba al dugu aukerarik hizkuntzaren biziberritze prozesuan jauzi kualitatiboa emateko? 

Euskaltzaleen Topagunean sinestuta gaude jauzia egiteko aukera badagoela, baita premia ere. Desafio latzei egin beharko die aurre euskal komunitateak hurrengo urteetan, eta, horiek gainditzekotan, ezinbestekoak izango dira erakundeen, era guztietako gizarte eragileen, euskalgintzaren eta herritarron elkarlana eta hizkuntzaren aldeko aktibazioa.

2015 urtean Topalabe taldeak Berrikasi eta Berrikusi gogoeta kaleratu zuen, euskaltzaleen mugimenduan eta euskararen normalizazioa bultzatzeko lanean ari diren eragile ezberdinetan hausnarketa bultzatzea helburu zuen dokumentua. Berrindartu eta Jauzi izeneko dokumentu berrian (2020an argitaratua)  euskararen normalizazioan jauzi sendo bat egiteko garaia dela azaldu eta jauzi horretarako lehentasunezko eremuak proposatu ditu taldeak: lan mundua batetik, eta eremu ez formala, bestetik. Helburua: erabileran jauzi bat egin eta euskara Unescoren hizkuntzen atlaseko hizkuntza zaurgarrien zerrendatik ateratzea.

Berrindartu eta Jauzi gogoeta argitaratzear zen Covid-19 birusak sortutako alarma egoera eta etxealdi luzea hasi da. Mundu mailako pandemia honek sortutako osasun krisiak, ekonomia krisiak eta gizarte krisiak eragin nabarmena izango dute euskararen normalizazio prozesuan ere (etxealdian ikusi dira lehen ondorioak). Horregatik, Topalabe taldeak gogoeta argitaratzearekin batera, gogoetari jarraipena egiteko foroak jarri ditu martxan. 

Berrindartu eta Jauzi txostena Topaberri aldizkariaren 67. zenbakian dago eta argitalpen berean aurkitu daitezke gogoeta osatzeko Topalabe taldeko zenbait kidek egindako eranskinak ere.

Topalabe taldea

Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez sortutako taldea da Topalabe taldea, mugimenduan gogoeta eragin, diskurtsoa sortu eta hizkuntza politika ofizialen irakurketak egiteko bultzatutako taldea. 

Berrindartu eta jauzi gogoeta argitaratzerakoan ondokoak izan dira taldekideak: Karmelo Aiesta, Kike Amonarriz, Xabier Erize, Mikel Irizar, Iker Martinez de Lagos, Iñaki Martinez de Luna, Jasone Mendizabal eta Jon Sarasua.

“Berrindartu eta jauzi” gogoetari ekarpenak

    Ekarpena dokumentu batean erantsi nahi baduzu:

    1. Datuen arduraduna: Euskaltzaleen Topagunea
    2. Datuen helburua: Topagunearen egitasmo eta ekimenen berri bidaltzea.
    3. Datuen biltegia: Profesional Hosting-n ostatutako datu-basea
    4. Eskubideak: Zure informazioa mugatu, berreskuratu edota ezabatu dezakezu edozein unetan.

    48 − 39 =