Euskaltzaleen Topagunea

Benito Ansola sariak badu epaimahaia

Aurtengo Benito Ansola Sarian bi emakume izango ditugu epaimahaikide: Estibaliz Urresola eta Bego Vicario. Aurreko urtean bezala, lan guztietatik hiru aukeratuko dituzte. Hautatuek Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute beraien lana epaileen aurrean eta irabazlea itxiera ekitaldian ezagutuko dugu.
Euskal kultura zabaltzeko eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko helburua du sariak. Irabazleak 3.000 euro jasotzeaz gain, proiektua 2022ko Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatuko du jendaurrean. Hau da, 10 hilabeteko epea izango du bere ikus-entzunezko proiektua burutzeko.

18 eta 36 urte arteko gazteek parte hartu dezakete sariketan. Lanak aurkezteko epea irailaren 19rarte dago zabalik. Oinarriak eta sariketan lanak aurkezteko modua webgunean aurkitu daitezke.

Benito Ansola sariko epaimahaikideak

Estibaliz Urresola euskal ekoizle eta zine zuzendaria da. Zinemaren eta telebistaren industrian aritu da lanean urte lezez, eta hainbat film labur eta dokumental ditu eginak.
Gariza Films ikus-entzunezko ekoiztetxearekin lan egiten hasi zen 2018an. Bertan, 20.000 erle espezie proiektua garatzen hasi zen. Noka Mentoring 2019 programaren hiru proiektu hautatuetako bat izan zen hau eta 2021ean sari bat jaso zuen Thessaloniki Nazioarteko Jaialdian. Umeen transexualitatea ardatz duen proiektu hau 2022an filmatzen hasiko dela iragarri zuen Urresolak.
Polvo somos (2020), bere azken film laburra da. Zinebiko sail ofizialean estreinatu zen eta Gidoi Onenaren zein Euskal Film Labur Onenaren sariak jaso zituen.

Bego Vicario Euskal Herriko animazio esperimentalean aitzindaria dugu. Duela 30 urte sortu zuen bere lehen lana, Geroztik ere (1993) film laburra eta 1997an animaziozko Goya Saria irabazi zuen Pregunta por mí (1996) lanarekin.
Gaur egun, EHU-ko Arte Ederren Fakultatean irakaslea da. Hauazkena ikerketa eta sorkuntza taldeko koordinatzailea ere bada, Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) bezalako lanak egin dituzte. Beraien azken lana, Ehiza (2020), 43. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzararen irabazlea izan da, film onenaren saria lortuz.
Benito Ansola Sariei buruzko informazio guztia (Aurtengo oinarriak, aurreko edizioak, aurreko edizioetako irabazleak…) irudienea.topagunea.eus webgunean duzue.

Exit mobile version