Zaldiko Maldiko

Antsoleaga kalea, 9-11
31001 Iruñea

zaldikomaldiko@gmail.com

http://zaldikomaldiko.eus/

80ko hamarkadaren hasieran, Iruñerriko euskaldunen sakabanaketa eta konpaktazio falta ikusirik, euskaltzale talde bat bildu zen eta Iruñean euskaldunen biltoki bat egitea deliberatu zuen. Urte horietan, Iruñean, euskarazko kultur ekitaldiak bakanak baino bakanagoak ziren. Horrela sortu zen Zaldiko Maldiko elkartearen proiektua.

Elkartea Nafarroako Gobernuaren elkarteen erregistroan 1981. urteko urtarrilaren 28an eman zuen alta.

asiera-hasieratik elkartearen lan-ildo nagusietariko bat euskarazko kultur ekitaldiak eskaintzea izan da. Urritik ekainera bitartean euskarazko kultur programazio bat du urtero.

1981. urtetik, hainbat eta hainbat hitzaldi eta mahainguru izan dira bertan, euskal kulturaren inguruko ahotsik garrantzitsuenak pasatu direla Zaldiko Maldiko elkartetik. Bakar batzuk aipatzearren, bertan izan dira Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Joseba Tapia, Pako Aristi, Antton Luku, Pello Zabala, Koldo Zuazo, Hasier Etxeberria, Arantxa Urretabizkaia, Iban Zaldua, Asisko Urmeneta, Alfonso Martinez Lizarduikoa, Roldan Jimeno, Mikel Belasko, Mikel Urdangarin, Patziku Perurena, Pablo Sastre, Xabier Erize, Anjel Lertxundi, Txillardegi, Itxaro Borda, Patxi Zabaleta, Kike Amonarriz, Xabier Kintana, eta beste asko eta asko. Horrez gainera, eguneko gizarte gaiei buruzko hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatu izan dira (Euskal Selekzioak, Euskararen Legea, Irlandako Bake Prozesua, Iruñea-Andoain autobia, Abiadura Handiko Trena, Itoizko urtegia, Euskal musikaren egoera, Gazteak eta telebista, unean uneko nazioarteko gatazkak,…).

Nolanahi ere, hamabostean behingo ekitaldi horiez landara, Zaldiko Maldiko elkarteak hainbat ekitaldi “berezi” antolatzen ditu urtean zehar: euskaldunentzako partxis, mus eta xake txapelketak, zine proiekzioak, ikastaro bereziak, Karrika Gurea da izeneko festak, Irakurriz libertitzen gara ekimenaren inguruko solasaldiak, besteak beste.