Trolebu elkartea

Aulestia kalea 41, 2
48380 Aulesti (Bizkaia)

trolebu@euskalerria.org

Trolebu Aulestiko euskara elkartea da. 1989an sortu zen eta bi garai ezberdindu ahal dira bere ibilbidean: 1989-1995 eta 1995-gaur egun.

Lehen sei urteetan elkartearen dinamika erreibindikatiboa eta kulturala izan zen. Alde batetik, Aulestirako zerbitzuak eskatzen zituzten: mediku euskalduna, UEMAn sartzea, UEMAn sartu eta gero ohiturak sortzen joatea (irakurri eta idazteko), … Horiekin batera, beste zerbitzu batzuk ere eskatzen zituzten: herrirako autobusa, azpiegitura minimoak, … Izan ere, euren ustez, Aulesti euskararen erreserba moduan tratatu beharko litzateke eta euskararekin harremana duten gauzez gain, bestelako zerbitzu eta eskakizunak ere bideratu behar zituen euskara elkarteak.

1995ean elkartea euren helburuak eta ibilbidea berdefinitu zituen. Eskari gehienak ase zeuden, eta beste bide batetik abiatzea erabaki zuten: kulturgintzan. Euren helburua, Aulestin kultura bizi-kalitate duina izatea da. Orain arte, ematean jarri dute indarra, baina iaztik aurrera produkzioari ere garrantzia ematen hasi dira: musika eskola sortu dute eta hurrengo urteetan antzerki eskola eta film laburren eskola eratzea dute helburu. Hilero 6 ekitaldi inguru antolatzen dituzte (3 umeentzat, 2 helduentzat eta 1 gazteentzat). Horrez gain, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan ere hartzen dute parte, diru-bilketan eta banatzean.