Manuel Larramendi kultur bazkuna

Dr. Huizi kalea, 15-1.
20140 Andoain (Gipuzkoa)

943 300 733

bazkuna@larramendi.org

http://www.larramendi.org/

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 1992ko azaroaren 5ean sortu zen Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo euskaltzale batzuen eskutik, eta sortzez dituen hiru helburu nagusiak honakoak dira:

  • Euskara hizkuntza suspertu, osatu eta hedatzea, bere erabileraren erabateko normalkuntzara heldu asmoz.
  • Euskal kultura indartu eta arnasberritu eta bere jardunaz zein gainerako kulturekiko harremanaz aberastea.
  • Manuel Larramendi euskaltzale eta euskalariak herri baten hizkuntza, izaera eta berezkotasunen alde ahaleginduz utzi zuen kemen, arrazoibide eta senezko lan eta mezuari uztartu eta haren gizabide eta arrazoizko jardun eredugarria jakitera eman eta zabaltzea, hark hasitako ildoari gaurgeroako zantzua emanaz.

Bi xede nagusi horiek erdiestearren, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bitarteko helburu zehatzago hauek ezarri dizkio bere buruari:

  • Gizarte mailako komunikazio erabidean eragitea, euskara hutsezko mota orotako hedabideak –idatzizkoak zein ikusentzunekoak– sortu eta kudeatuz, hala tokiko komunikazioa xede dutenak, nola eskualde, lurralde edo erkidego izaerakoak ere eta edozein komunikazio alor edo atalari dagozkionak.
  • Euskararen ezagutza suspertzeko, zabaldu eta trinkotzeko irakaskuntza eta trebakuntza jarduerak antolatu, gauzatu eta kudeatzea.
  • Gazte eta helduen aisialdian euskararen erabilera txerta, susper, ziurta eta zabal dezakeen mota orotariko jarduerak antolatzea.
  • Euskal Herriaren eta Gipuzkoaren historia eta herrietako tokiko historia euskaraz ikertua eta ezagutzera emana izan dadin jarduera eta ekimenak gauzatu eta antolatzea.
  • Euskal literaturaren sorkuntza eta literaturaren euskarazko irakurzaletasuna suspertu eta babesteko ekimen eta jarduerak gauzatu eta kudeatzea.
  • Kontsumo ekoizkinen ekoizpen eta salmentan, lan- eta gizarte-zerbitzuen eskaintza eta kudeaketan, eta, oro har, euskal gizarteko lan erabidean euskararen erabilera suspertu eta zabaltzeko ekimen eta jarduerak antolatzea.
  • Nazioarteko beste herrialde eta kulturekin elkar ezagutzeko eta laguntzeko ekimen eta jarduerak antolatzea.
  • Euskal folklore eta etnografia iraunarazi, suspertu eta zabaltzeko ekimenak gauzatzea.
  • Euskal gizartearen hizkuntza jokabidean eragin nabarmena izanagatik edo jokabide horrentzat eredugarri izan litezkeelako euskara hizpide nagusi izando duten kultur eta gizarte ekintza eta jarduerak gauzatu eta antolatzea.
  • Euskal toponimoa berreskuratu, iraunarazi eta ezagutzera ematea.

2004. urtean Larramendi Bazkunaren baitan udalerri biltzar berria sortu zen, Urnietan, eta bertako bazkideek Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra izena eman zioten biltzarrari, gaur egun halaxe ezagutzen delarik elkartea Urnietan.