Euskal Birusa elkartea

Erdikokale 2, 1.
48260 Ermua. Bizkaia

943179350

euskalbirusa@gmail.com

http://www.euskalbirusa.eus

Euskal Birusa kultur elkartea 1990 urtean sortu zen Ermuan, herriko zenbait euskaltzaleren ekimenez. Hasieratik elkartearen helburua euskararen erabilera sustatzea izan da, eta horretarako, erdaldun elebakarrak gehiengoa diren errealitatean sakabanatuta bizi den euskal hiztun komunitate esanguratsua trinkotzea bilatu du . Euskaldunei euskaraz bizitzeko aukerak areagotuko dizkien trinkotze hori, une eta gune egokiak eskainiz sustatu du elkarteak, Ermuan ere, euskaraz bizitzea, aukera eta gozamen iturri dela erakutsiz. Helburu eta estrategia horiek kontuan izanik, Euskal Birusak, urte hauetan guztietan zenbait ekimen burutu du, horietako asko bere kabuz eta herriko beste eragilerekin elkarlanean gainontzekoak.

GAUR egun aurrera eramaten ditugun ekimenen artean honako hauek daude:

1) Hartza eguna (elkarlanean)

2) San juan sua (elkarlanean)

3) Santixauetako sentsibilizazio kanpaina. Gure Txikurixa, txosna, zabalik jai egunetan.

4) Santixauetako ekitaldi kulturalak

5) Berbetan jardunaldiak (elkarlana)

6) Berbalagun egitasmoa (elkarlana)

7) Berbatruk merkatariei zuzendutako egitasmoa.

10)Ermuan bagara, Ermuko euskaltzaleen sarearen parte gara.

………

Dena den, gure ekintzarik arrakastatsuenak beste bi hauek izan daitezke:

SAN MARTIN AZOKA eta berarekin batera antolatzen dugun San Martin kulturala.

DROGETENITTURRI Ermua eta Mallabiko herri aldizkaria

Lehenengoa urtean zehar antolatzen dugun ekintzarik ikusgarriena den bitartean, herri osoak edo gehienak hartzen baitu parte jai-egun arrakastatsu horretan, bestalde aldizkaria gure ekimenik iraunkorrena da, urte osoan zehar gure etxe eta kaleetan topa dezakegulako.

Bi ekimenok lotuta daude, aldizkaria (gaur egun ezagutzen dugun moduan) 1993ko San Martin Azokarekin batera hasi ginelako argitaratzen, Ermua eta Mallabiko herritarrei gure inguruko informazioa eskaintzeko -eta batez ere euskaraz eskaintzeko- helburuarekin. Jakingo duzuenez, hilabetekaria da eta pare bat datu ematearren zera esan dezakegu, gaur egun 1.750 ale banatzen ditugula bi herri hauetan (100 inguru kanpora joaten badira ere), irakurleak 4.000-5.000 inguru izan daitezkeela, eta 24 orrialdetan zehar hainbat interesgune edo sekzio jorratzen saiatzen garela: inkestak, entrebistak, kirolak… eta hau guztia 10 bat pertsonek osatutako erredakzio-taldeak daramagula aurrera, gure inguruko hainbat laguntzailerekin batera
Aipatutako ekintzak aurrera eraman ahal izateko, orain arte talde moduan funtzionatu dugu, dozena bat pertsonek osatutako talde moduan alegia, eta ekintzen emaitzak orokorrean ikusita, nahiko ondo funtzionatu dugula esan genezake, ekintzok aurrera ateratzeko gai izan gara-eta. Hori bai, zenbaitetan, San Martin Azokan adibidez, egin beharreko lana oso handia denez kanpoko laguntza ere eskatu behar izaten dugu, guk bakarrik ezingo genukeelako aurrera eraman.

Sorrera: 1990 urtea
Bazkide kopurua: 280 bazkide
Helbidea: Elexoste – Erdikokale 2, 1. 48260 Ermua
Telefonoa: 943 17 93 50

Helbide elektronikoak:

(Elkartea) euskalbirusa@gmail.com

(Drogetenitturri aldizkaria) drogeten@gmail.com

www.euskalbirusa.eus

Eta Facebookea ere aurkituko gaituzu.