Aurkeztu dugu Irudienea 2019ko programazioa

Bagatoz beste urte bat programazio anitz eta ikusgarriarekin. Irudienean istorioez jositako egitaraua prestatu dugu. Zugaza zinemetan, goizeko 11:00etatik 21:00ak arte, 10 orduz jarraian, proiektoreak martxan izango ditugu.

Mundu digitalak oso presentzia nabaria izango du aurten Irudienean. Hiru websail- serie digital aurkeztuko dira: Tantaka ( lehen alearen aurkezpena) , Pikuak ( gazteen arteko harreman fikzioa: sexua, langabezia) eta Kartzela. Horrez gain, sarean sortutako beste hainbat proiektu ere izango ditugu; Sinadurak TV, Dapa edo 27zapata, adibidez.

Memoria historikoa lantzen duten gaiak ere oso presente egongo dira Irudienean. Adibidez: Zamorako espetxean preso egon ziren apaizei omenaldi xumea egingo zaie, Apaiz-Kartzela dokumentalaren estreineko proiekzioarekin batera. borroka antinuklearra ere gogoan izango dugu Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa lanarekin; Anti laburmetraia, Ipar Euskal Herrian euskarak pairatu zuen debekuen ingurukoa; Lou, dantzan jo eta ke. Oinak lehertu nahian, Euskal Herriko rock eszenan emakumeen hastapenei buruzkoa, Lou Olangu abeslarian oinarritua eta abar.

Laburmetraiak, haurrei zuzenduriko euskarazko zinema, webseriek, proiektu aurkezpenak, aurre-estreinaldiak, dokumentalak…

Bertan izango ditugu, sortzaileak, aktoreak, zuzendariak beraien lanak aurkezten, ikusleen zalantza eta iritziak partekatzen.

Prest gaude, aurtengo Azoka gozatu eta gozarazteko. Irudienean ikusiko gara!

IKUSI IRUDIENEA 2019KO PROGRAMAZIOA HEMEN