Aurtengo lehen igurtzia zonalde batzarretan

2014ko Batzar Nagusia

2014ko Batzar Nagusia

Azken bi asteetan zonaldekako bilerak burutu ditugu Mugimenduko kideen artean. Bertan, Euskaltzaleen Topaguneko 2015eko Kudeaketa Planaren proposamena aurkeztu dugu eta baita ere Mugimendua indartzeko (eta elkarteokin garatzeko) aurtengorako landu ditugun egitasmoak.

Burutu ditugun bost Zonalde Batzarretan 27 elkartek parte hartu duzue zuzenean eta batzarrak oso emankorrak izan direla irizten diogu. 2014ean zonalde batzarretan zuen beharrak eta proposamenak jaso genituen eta 2015eko erronka behar eta proposamen horiek aintzat hartuz proposamen zehatzak egitea izan da. Zehazki hauek nabarmendu ditugu; euskarak 365 egun, Topa Eguna, aktibazioaren baitako tailerra eta Topaldia, “Eta hau zergatik ez euskaraz?” aktibazio kanpaina, 2016rako bazkidetza kanpaina bateratua eta “Berrikusi eta berrikasi” dokumentuaren tokiko aurkezpenak. Azken hiru horien tenperatura hartu nahi izan dugu zuekin eta zuen proposamenekin berauek finduko ditugu orain. Era berean, lurralde bakoitzarekin zerikusia duten gaiak landu dira eta nola ez Mugimenduko kideen arteko igurtzirako ere balio izan dute batzarrok.

Gogoratu, Kudeaketa Planari ekarpenak egiteko aukera zabalik dagoela (epea martxoak 23a) eta igurtzirako bigarren hitzordu nagusia apirilaren 17an izango dugula (ostiralez, arratseko 18:00etan, Durangoko Elkartegian) urteko Euskaltzaleen Topaguneko Batzar Nagusia ospatuko baitugu.