Azaroaren 28an “Arabako euskara elkarte eta taldeen batzarra†egin zen Gasteizko Amaia zentroan, TOPAGUNEA euskara elkarteen federazioaren deiari erantzunez. Egun Arabako 7 Euskara Elkarte federatuta badaude ere, beste hainbat eta hainbat herri eta kuadrillatan makina bat lagun dago bere inguruan euskararen erabilerari auspoa emateko eragiletza lanetan, zenbaitzuk elkarteetan egituratuta, beste zenbait lan talde txikitan ekintzak antolatzen.
Lehen aipaturiko identifikazio prozesuan TOPAGUNEArekin nolabaiteko harremana izan duten 23 elkarte edo talde zeuden gonbidatuta eta horietako 16ren kideek parte hartu zuten batzarrean, guztira 29 lagun, Arabako kuadrilla guztietakoak.
Hasteko, elkarte parte hartzaile bakoitzak bere ibilbide eta jardueren berri emateaz gain, epe laburreko asmoak azaldu zituen. Horren ondoren, Iñaki Martinez de Luna, soziologo eta EHUko irakasleak Arabako egoera soziolinguistikoaren eta azken urteetako bilakaeraren inguruko aurkezpen bat egin zuen eta Euskara Elkarteon lanerako interes handiko gakoak aipatu zituen.
Euskaldunon artean patata tortillarik gabeko bilguneak gutxi dira eta Gasteizko hau ez zen salbuespena izan. Hamaiketakoa gozatzeko gainera Gasteizko Amaia Zentroko Bertso Eskolako gaztetxoek eskainitako bertsoak izan genituen. Harrobi ederra Gasteizkoa!
Bukatzeko, parte hartzaileek, bakoitzaren etorkizun hurbileko egoera desiragarriaren inguruan jardun zuten eta horretara iristeko behar diren ikuspegia, tresnak eta koordinazioaz.
Aurrerantzean ere, koordinazio guneak proposatzeko asmoa adierazi zuen Topaguneak, eta elkarteek horien komenientzia eta baliagarritasuna azpimarratu zuten.
Araban bagare, bai horixe!