Arabako Mintza Eguna izango da urriaren 19an, Gasteizen

Datorren urriaren 19an, larunbata, Arabako berbalagun eta mintzalagunen jaia izango dugu Gasteizen. Iaz Murgian izan zen Arabako Mintza Eguna, eta oraingoan GEU elkarteko mintzalagunek egingo diete herrialdeko gainontzeko lagunei harrera.

Gero eta mintzalagun eta berbalagun gehiago dago Araban, gero eta euskaldun gehiago. Aurreko ikasturtean 1.000 lagun inguru aritu ziren mintzapraktika egitasmoetan, eta taldea handitu nahi dugu! Aurtengo izen emate kanpaina martxan dago, eta guztion artean saretuko ditugu Arabako euskaldunak. Horretarako, zer hobea lagunak Mintza Egunera ekartzea baino? Euskaldun guztiontzako jaia izango dugu Gasteizen!Arabako Mintza Eguna

Izan ere, ondo dakigu zeintzuk diren gure nahia eta beharra: euskaraz bizi nahi dugu, eta horretarako aukera emango diguten dinamika eta egoerak behar ditugu. Arabako Mintza Egunak behar hori asetzeko helburua dauka, nahiari lekua eginez.

 Egun pasa polita izan nahi duten (mintza)lagunek plan paregabea izango dute Gasteizen. Hona hemen egitaraua:

11:00 Harrera beroa (hamaiketako eta guzti!).

11:30 Mintza Probak (Berba-pasa, Atsotitzak bertsotan eta palindromoak).

13:00 “Araba Mintza Kantuz” kalejira.

14:30 Bazkaria. Babarrun jan mundiala!

16:30 “Araba Saltzen” lehiaketa.

17:00 Dantzaldia “Fan & Go” taldearekin.

19:30 Kalejira “Akelarre” txarangarekin.

Gasteizko mintzalagunek prestaturiko BABARRUN JANA izango dugu, mundiala! Helduen menua 12€, umeena 6€. Bazkarirako txartelak eskuratzeko, eman izena hemen aurkituko duzuen galdetegian!

Beraz, mintzalagun izan zein ez, ospatu dezagun ikasturtea hasi dela, asko daukagulako aurretik!