Arabako gazte euskaltzaleen topaketa egingo da urtarrilaren 28an

Arabako gazte euskaltzaleak bilduko dira urtarrilaren 28an egun osoz Gasteizen egingo den “Arabarra, gaztea eta euskaltzalea. Bai, eta zer?” topaketan. Topaketaren helburua da Arabako kuadrilla ezberdinetako gazte euskaltzaleak bildu eta kuadrilletan antolatzen dituzten euskararen aldeko ekimenen berri trukatzea.

img-20170113-wa0005Deialdi zabala egin zaie Arabako gazte euskaltzaleei. Izan ere, Araban badago euren euskaltasunaz harro egoteaz gain, euskararen egoeraz kezkatuta dagoen gazte jendea eta egoera hori hobetzeko elkartu eta ekimen ezberdinak antolatzen dituena. Gazte talde edo elkarte eta ekimen horiek guztiak ezagutarazi eta horrela indartzeko asmoa dugu topaketa honekin.

Gazte horiek, herriko asanbladetan, jai batzorde, aisialdi talde, euskara elkarte, kultur talde, institutuko batzorde edo  antzekoetan elkartzen dira eta bakoitzak bere inguruan euskararen erabilera indartzeko lan egiten du. Herriz herri egiten den lan guzti hori azaldu eta harrotasun eta poztasunez zer diren eta zer egiten duten adierazteko aukera egongo da topaketan. Arabako ia kuadrilla guztietako gazteek parte hartuko dute Topaketetan.

Goizean ekingo zaio topaketari. Goizeko saioa 10:00etatik aurrera egingo da Oihaneder euskararen etxean. Goizean elkar ezagutu, proiektuak trukatu eta elkarlan zehatzetarako aukerak aztertuko dira, etorkizunean kuadrilla ezberdinetako gazte taldeen arteko harremanetik egitasmo berriak sor daitezen. Ondoren,  mintzodromoa izango da eta bertan jasotako ideiekin mural handi bat osatuko da.

Eguerditik aurrera jai giroa nagusituko da Gaztetxean. 14:30etik aurrera bazkaria egingo da eta ondoren, 16:00etan musika emanaldi eta kontzertuak hasiko dira Orbana, Tinko eta Odolkiak taldearen eskutik.