Euskaltzaleen Topagunea

Aniztasuna sistematikoki lantzeko proposamenak Topaldian

Urteroko hitzordu ezinbestekoa da Topaldia euskaltzaleen mugimenduan. Gogoetarako eta topaketarako espazioa da urtearen hasieran egiten den jardunaldia. Aurtengoak ere izan du gogoetatik eta topaketatik, baina Covid19ak baldintzatu eta mugatu egin digu elkarrekin egoteko aukera. Urtarrilaren 28an ia ehun lagun batu gara gogoetara, batzuk Bilboko Bizkaia aretoan bertan eta beste batzuk streaming bidezko seinaleari jarraituz.

Aurtengo Topaldia Euskaltzaleen Topagunearen kezka eta lan-ildo garrantzitsuetako bat den aniztasunari eskaini zaio, duela hamar urteko urtarrila batean egin zen modura. Ordukoak aniztasun arloa martxan jartzeko balio izan zuen, aurtengoak egin dugun bidea garrantzitsua izan den arren egiten dugunarekin ezin garela konformatu frogatzeko.

 

Aniztasuna sistematikoki landu

Jardunaldia Ariane Usabarrena Topaguneko aniztasun arduradunak eta Kike Amonarriz federazioko lehendakariak itxi dute dei bat eginez: “Heldu diezaiogun sistematikoki aniztasunaren alorrari”. Topaldian argi frogatu den modura “elkarrengandik urrunegi gaude, oraindik” eta horregatik behar beharrezkoa da aniztasuna lantzen jarraitzea eta lanketa hau areagotzea.

Bide hau elkarrekin egin beharrean gaude denok; denok garelako “Gu”. Eta “Gu”hori osatzen dugunok anitzak gara, jatorriari dagokionez, hizkuntz-ezagutza eta erabileretan, pentsaeretan eta baita euskararen biziberritze-prozesuaren inguruko jarreretan. Anitzak gara orain, eta ez dezagun ahaztu, anitzak izan gara gure historia guztian, eta euskaldunak etorkinak ere izan gara.

 

Ekarpen mamitsuak

Aurtengo Topaldian ideia eta proposamen ugari jaso dira parte hartu duten hizlarien ekarpenetan (ondoko loturetan ikusgai dituzue hizlari guztien hitzaldien bideoak):

 

Ondorio eta eskaerak

Jardunaldia Kike Amonarrizek Topagunearen izenean ideia eta eskaera nagusi batzuk nabarmenduz bukatu da:

1) Euskaltzaleen mugimenduari

Topaguneari, Euskara Elkarteei eta, oro har, euskalgintzari begira aipatu du aniztasunaren kontzientzia hartzeko garaia dela, eta aniztasunak, genero ikuspegiak bezala, antolatzen diren egitasmo guztietan presente egon behar duela zehar lerro moduan. Aniztasunaren betaurrekoak sistematikoki erabili behar ditugu, eta ditugun gabeziak eta erronkak identifikatzen hasi. Lanketa honi oraindik ekin ez dioten Elkarteei dei zuzena egin die pausu hori ematera gonbidatuz. Izan ere, elkarren ezagutzan, harreman sareetan eta hezkuntzan lan egiteko aukera asko ditugu. Baita, elkarteetan edo lan-munduan ere; are gehiago, Euskaraldia entitateetara zabaldu den honetan.

2) Erakundeei

Erakundeei begira, izan Gobernu, Aldundi edo Udal, premia handiko eskaera egin die: Harrera guneetan, euskararen gaiari zentraltasuna ematea. Alegia, euskara jakitearen abantailak jakinaraztea, ikasteko aukerak eta erraztasunak eskaintzea…Harrera planek integralak izan behar dute, eta hizkuntzara iristeko aukerak berdintasunez bermatu behar zaizkie herritar guztiei. Gai honek baliabideak behar ditu eta bultzada politiko indartsua, gizarte berdinzaleagoa eta elkarbizitza egokia lortzeko, batetik, eta euskararen biziberritzea sustatzeko, bestetik.

3) Herritarrei

Eta azken mezua eta ondorioa, euskal herritar guztioi zuzendutakoa izan da, dena delako jatorri, hizkuntza edo pentsaerak izan: Munduari egin geniezaiokeen ekarpenik onenetako bat aniztasuna eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuko dituen, euskararen biziberritze-prozesu arrakastatsua eskaintzea da.
Hemendik aurrera, aniztasuna aintzat hartu beharko dugu, gure ekimen eta esparru parte-hartzaileetan, alegia, publiko zabala eta anitza dugula. Sekulako erronka dugu aurrean: nola bermatu, hizkuntz aniztasunezko testuinguruetan euskararen erabilera, beste hizkuntzekiko eta hiztunekiko zubiak eraikiz? Bide honetan, hizkuntzen kudeaketa egokia beharko dugu.

Estereotipoekin amaitu behar dugu, eta gizartea euskalduntzeko prozesuan duten garrantziaz jabetu. Euskaraldiak berak eskaini dizkigu horretarako pistak. Eta gure arteko harremanak eta parte hartzeko aukerak ugaldu, informazioa partekatu, eztabaidatu, eta irudimena erabili. Eta,  ilusio eta enpatia dosi handiak.


Jardunaldiaren antolatzaile, erakunde laguntzaile eta parte hartzaile guztiei eskerrak ematen itxi da aurtengo Topaldia, hurrengoan denok elkartzeko aukera izango denaren esperoan.

 

Exit mobile version