Aldaketak buletin honen harpidetza sisteman

Postaberri buletin hau jasotzeko erabiltzen ari garen harpidetza sistemak goia jo du, eta dagoeneko kudeatu ditzakegun baino helbide gehiagotara bidali behar izaten dugu. Hori dela eta, gero eta gehiagotan izaten dira arazoak buletina zabaltzerakoan: helbide batzuetan ez da jasotzen, beste batzuetan errepikatuta, askotan SPAM filtroek ezabatzen dituzte buletinak…

Harpidetza sistema aldatu beharrean gaude, beraz, eta horri ekingo diogu hiruhileko honetan. Elkarteen helbide ‘ofizialak’ geuk pasatuko ditugu sistema berrira, baina gainontzekoak (pertsonalak, lanekoak…) eskuz sartu behar dira. Horretarako, buletin hau jasotzen jarraitu nahi duzuenok https://topagunea.eus/postaberri-harpidetu helbidera jo eta zuen e-mail helbidea sartu behar duzue. Hori eginda, konfirmazio mezu bat jasoko duzue postaz, eta hor agertuko zaizuen lotura batean klik egin beharko duzue harpidetza berresteko. Ez da zaila, baina pausu hori norberak egin behar du bueltina jasotzeko benetako interesa dagoela baieztatzeko.

Printzipioz, irailetik abendura bitartean buletinak banaketa sistema bietatik bidaltzen jarraituko dugu, pixkanaka sistema berrira pasatzeko tarte nahikoa emateko. Urte bukaerarako, harpidetzak ondo badoaz, arazoak ematen dituen banaketa sistema zaharra alde batera utzi eta berriarekin soilik jarraituko dugu. Horrek esan nahi du sistema biak martxan dauden bitartean litekeena dela batek baino gehiagok postaberriak errepikatuta jasotzea. Barkatu eragozpenak!