Euskara elkarteek Kongresuko gogoetari ekin diote Topaldian

Euskara elkarteen mugimenduak 2023ko udazkenean egingo duen Kongresuaren atariko gogoeta egiteko plaza izan da aurtengo Topaldia. Santa Ageda bezperan Durangoko Plateruenan bildutako 70 lagunek urte osoan zehar hausnarketa-gai izango diren gaiak aletzen hasteko aukera izan zuten. Araba, Lapurdi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko euskara elkarteetako kideak bildu dira Durangon eta bakoitzak bere inguru eta errealitatetik iritzia ekartzeko aukera izan du. Giro onean joan den jardunaldiaren emaitza aberatsa eta oparoa izan da.

Gogoeta abiatzeko hiru ekarpen

Hiru hitzaldirekin abiatu da Topaldia. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak mugimenduaren lehen Kongresutik hona egindako ibilbidearen errepasoa egin du bere hitzaldian. 2011ko otsailean egin zuen lehen Kongresua Topaguneak XXI. mendeko euskaldunon elkarteak izenburupean. Garai hartan pil-pilean zeuden kezka eta gogoetak ekarri ditu gogora Jasonek bere hitzaldian eta Kongresuan onartutako Euskaldunon elkarteen Oinarriparrak txostenean adostutakoak hurrengo urteetan zer praktika zehatzetan gauzatu zen eta zer emaitza izan dituen aletu du. Azken hamabi urteetan euskara elkarteen mugimenduak izandako bilakaeraren argazkia egiteko balio izan du hitzaldiak.

Kike Amonarrizek hartu du ondoren hitza. Egun Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari denak, gaur egungo begiradatik berrirakurri ditu Oinarriparrak eta 2012ko bigarren Kongresuan onartutako Eraldabideak. Berrirakurketa horretatik mugimenduaren hirugarren Kongresurako hainbat galdera proposatu ditu. Izan ere, euskara elkarteen oinarriak ondo jasotzen dituzten ebazpenak dira aztertutako bi dokumentuok eta oraindik ere gaurkotasun handiko hausnarketarako gaiak atera daitezke bertan jasota dauden ildoetatik, Kikeren hitzetan.

Hirugarren hitzaldia Irati Iciar gasteiztarrak eta Arianne Unamuno soraluzetarrak eskaini dute. Irati Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Gasteizko GEU elkarteko lehendakaria da. Arianne berriz, Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteko eragilea. Biak ari dira parte hartzen euskara elkarteen mugimenduaren Kongresuaren gogoeta nagusietako bat bideratzen ari den Elkarrizketa Taldean. Batera Jauzi izena hartu duen prozesu honetan, euskara elkarteetako hainbat kidez gain, gizarteko beste eremu batzuetako lagunak ari dira parte hartzen, guztira euskararekiko bizipen ezberdinak dituzten hamabost kide. Prozesu honen helburua izango da euskararen erabileran jauzi bat egin ahal izateko Topagunearentzat, euskalgintzarentzat eta gizartearentzat baliagarria izango den proposamena egitea. Aldaketa Teoria metodologia ari da lantzen horretarako. Irati eta Ariannek talde honen lehen gogoetaren emaitza ekarri dute Topaldira, euskara elkarteen lehen kontrastea bueltan jaso ahal izateko.

 

Partaide guztien arteko gogoeta irekia

Lehen hitzaldien eta hamaiketakoaren ondoren parte hartzerako eta gogoeta irekirako tarteak zabaldu dira. Mugimendu osoaren hausnarketa bultzatu nahi du Euskaltzaleen Topaguneak bere hirugarren Kongresuaren bidez eta Topaldia horren ariketa praktikoa izan da. Bi dinamika ezberdin proposatu dira (goiz eta arratsaldean) bakoitzean ekarpen ezberdinak jaso ahal izateko.

Bazkal-aurreko saioan zazpi laguneko taldeetan banatuta, Batera Jauzi dinamikako Elkarrizketa Taldeak proposatutako lehen emaitza izan da eztabaidagai. Euskararen erabileran jauzi bat emateko proposatu den aldaketa eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak dira taldean landutakoak eta horiek izan dituzte lantaldeek aztergai. Era berean, euskara elkarteek, herri eta eskualde mailan, eta euskara elkarteen mugimenduak, nazio mailan, egin behar duten eta egin dezaketen ekarpenaren gainean ere galdetu zaie Topaldira hurbildutakoei eta partaide guztien iritziak bildu dira, Iñigo Retolazak zuzendutako saioan.

Plateruenan bertan bazkaldu eta arratsaldeko saioari ekin zaio ondoren. Galdera ireki baten bueltan zabaldu da iritzi bilketa tarte honetan: zeintzuk dira euskara elkarte eta mugimenduaren beharrak, erronkak eta desioak gaur egun? Lau taldetan banatuta, Topaldiko parte hartzaile guztiek beren ideiak partekatu dituzte eta entzundako guztien artean garrantzitsuenak edo premiazkoenak direnak lehenetsi.

Talde dinamika bietan jasotako materiala Kongresurarteko bidea markatuko duten gaiak zehazteko baliagarria izango da hurrengo asteotan.

Kongresua udazkenean

Urte bete eta emankorra izatea espero duela esanez amaitu du Topaldia Kike Amonarrizek. Jardunaldian jasotako erantzun ona gogoeta sakon eta partehartzailearen atarikoa izatea espero da. Hurrengo asteotan udazkenerarteko bide-orria zehaztu eta Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten bazkide guztiekin partekatuko da. Bitartean, Batera Jauzi gogoeta prozesuak aurrera darrai eta Elkarrizketa Taldeak bere bidea egiten jarraituko du. Hurrengo asteotan hainbat kontraste egingo dira euskara eta euskalgintzatik hurbilago edo urrunago dauden hainbat lagunekin eta Elkarrizketa Taldearen gogoeta aberasten joango da horrela.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 6an izango da, Euskaltzaleen Topagunearen Batzar Nagusian eta euskara elkarteen mugimenduaren esperientzia eta proiektuak elkarri erakusteko antolatuko den Proiektu Azokan.