Edurne Gonzalez Arce: “Mintzapozaren munduan satisfakzio handia sentitzen da”

Ongi pasatuz euskara praktikatzea ezagutzen duen konbinaziorik onena dela dio. Mintzapraktikan ezagutu duen jendearekin izugarri pozik dago, haiekin batera bizitzen ari  delako “duela bi urte existitzen zela ere ez nekien mundu bat”. Horregatik dio Mintzapoza praktikatzeak merezi duela “probatu ez dutenek ez dakite zer ari diren galtzen”.  

Zerk eragiten dizu zuri Mintzapoza?

Mendira joateak eta bertan bazkaltzeak edo afaltzeak. Lagun artean gustura egoteak… Jendearekin egotea gustatzen zait eta pozik nago azken boladan, euskararen bueltan, ezagutu dudan jendearekin: oso jatorrak, oso askeak dira. Gainera, denbora pasa ahala, lagun estuagoak gara eta horrek ere poz handia ematen dit. Gauza asko egiten ditugu!

Zu zergatik hasi zinen Mintzapraktikan?

Hasieran euskaraz egiteko bakarrik. Baina gero konturatu nintzen oso gustura nengoela; ongi pasatuz euskara praktikatzea  da ezagutzen dudan konbinaziorik onena! Oso gustura nago jendearekin, orain dela bi urte hasi ginen eta orain familia bat bezala gara. Babes horrek sekulako Mintzapoza ematen dit! Gaur egun ez da erraza hain jende interesgarria ezagutzea.

Nola sentitzen zinen taldean hasi zinenean?

Ba hasieratik sentitu naiz oso ondo. Jendea oso noblea, zabala delako. Agian lehen egunean pixka bat urduri egon nintzen, baina bigarren egunean lotsa gainetik kendu nuen.

Normalean non elkartzen zarete?

Asteazken goizetan normalean Iruñeako taberna batean elkartzen gara, baina batzuetan paseatzera ere joaten gara eta kasu horretan Txantreako zubi batean izaten da hitzordua. Horrez gain, asteburuetan ohitura dugu antzerkira-eta joateko. Edozer berezirik badago ikusteko, beti izaten da norbait prest elkarrekin joateko. Beti dauzkagu planak eta, ondorioz, askotan asteburu osoak pasatzen ditugu soilik euskaraz hitz egiten.

Zer hobetu da zure bizitzan talde honetan ari zarenetik?

Orain dela bi urte, hasi nintzenean, izugarri kostatzen zitzaidan euskaraz zerbait esatea. Orain, aldiz, konfiantza handia dudala sentitzen dut, badakit oraindik arazoak ditudala euskaraz mintzatzerakoan baina dena euskaraz hitz egiten dut, baita telefonoz ere. Horrek sekulako satisfakzioa ematen dit.

Gainera, duela urte pila batetik ezagutzen dudan jende askok euskaraz dakiela konturatu naiz orain. Ez nekien euskaraz zekitenik! Haiek jakin zutenean euskaraz ikasten ari naizela, gure artean euskaraz hitz egiten hasi ginen eta orain euskara erabiltzen dugu. Jende askorekin egin dut hori; gaztelaniatik euskaraz hitz egiteko ohiturara pasatzea. Hasieran ez da izaten erraza.

Zer da gehien gustatzen zaizuna Mintzalagun izatetik?

Talde giro hori eta elkarrekin planak egitea; hemen ekimen asko antolatzen dituzte euskaraz. Orain nire mundua askoz zabalagoa da; duela bi urte ez nuen hau guztia ezagutzen. 

Mintzalagunei esker, geroz eta gehiago hitz egiten da euskaraz. Bazenekien?

Nik kalean asko entzuten dut orain. Agian lehen ezin nuenez hitz egin, ez nintzen konturatzen baina orain entzuten dut jendea euskaraz hitz egiten normal-normal. Gainera, hurbiltasuna ematen dit;  edozein lekutara joan eta haiek euskara erabiltzen badute, sentitzen dut harreman estua dugula.

 

Orain, irailarekin, ikasturte berria dator eta jende askok zalantza izaten du non eman izena. Zergatik esango zenieke Mintzapraktikan apuntatzeko?  

Nik esango nieke saiatzeko. Ate bat ireki ta mundu polit bat aurkitzen duzu, eta hori ez duzu lortzen beste aktibitateekin. Mintzapraktika ez baita aktibitate soil bat; mundu bat da. Jende oso jatorra aurkitzen duzu, familia bat, edozer gauza egiteko zabalik.

Animatuko nituzke probatzera. Ziur nago probatzen badute ez direla damutuko. Mintzapozaren munduan sartzen bazara, gero ez duzu nahiko atzera pausoa ematea. Satisfakzio handia sentitzen da. Sentsazio positibo pila bat.

Zer pertsona famatu izan nahiko zenuke Mintzalagun izatea eta zergatik?

Animatuko nituzke euskara ezagutu eta erabiltzen ez duten horiek. Lotsagatik-edo ez dute erabiltzen eta pena handia ematen dit horrek. Haiek gustatuko litzaidake Mintzalagun bihurtzea.

Beste zerbait esan nahiko zenuke?

Animatuko nuke jende guztia Mintzapoza praktikatzera, ez baitakite zer ari diren galtzen. Nik badakit zer den, egin edo ez egin, zalantzan egotea; beldurra, lotsa, urduritasuna sentitzen duzunean urrats hori ematea zer zaila den. Baina momentu hori pasata, beste mundu batean sartzen zara eta mundu horrek, ziur naiz, asko emango dizula. Zalantza barik ireki atea eta sartu mundu horretan. Ez izan beldurrik edo lotsarik zure euskara maila baxua delako, zeren hor dabilen jendea zu bezalakoa da eta ez dauka aurreiritzirik.