Udagoieneko Ostera: 20 urte euskal kultura eszenaratuz

● Urriaren 26tik azaroaren 28ra bitartean antzezlan bat eta zuzeneko 5 ikuskizun izango dira.
● Jatorri ezberdinetako euskarazko gazte sortzaileak oholtza gainean jarriko ditu, emakumeen presentzia bultzatuz.
● Anne Etchegoyen eta Xabi Bandinik beraien lan berriak aurkeztuko dituzte.
● Bilbon eta Berrizen hasiko da eta Plentzia eta Getxo herrietatik igaroko da berriro ere Bilbon amaiera emanez.

Bizkaiko Kultur zirkuituaren XX. edizioa antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Urte honetan bereziki, Udagoieneko Ostera zirkuituak jatorri ezberdineko euskarazko sortzaileak izango ditu zirkuituaren barruan emakume eta gizonezkoen aukera berdintasuna bermatuz.

Urriaren 26an Sonakay, eta Anne Etchegoyen iparraldeko musikariak emango diote hasiera areto ezberdin bitan, bata Bilbon eta bestea Berrizen. Azaroan zehar beste lau ikuskizun gehiago antolatu dira Plentzia, Getxo eta azkena Bilboko Kafe Antzokian, non Xabi Bandinik bere disko berria aurkeztuko duen zirkuituari amaiera emanaz.

Egitaraua eta nondik norakoak  ondoko webgunean.

Gaur ospatu izan da hain zuzen ere, XX. Kultur zirkuitu honen aurkezpena Bilbon. Bertan izan dira Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara eta kultura diputatua eta Xabier Arauzo, euskara sustapenerako zuzendaria.

Udagoieneko Osterak hogei urte daramatza Bizkaia osoan zehar punta-puntako euskal sortzaileak oholtza gainean jartzen. Hamarkada bi hauetan formatu txiki eta handik hainbat ikuskizun antolatu izan dira giro ezin hobean, publikoaren eta sortzaileen arteko konexioa nabarmenduz.

Aurton ere, asmo berarekin dator Udagoieneko Ostera baina lurralde eta estilo ezberdinetako uzta zabaltzeko asmoarekin ere, berdintasuna azpimarratuz. Euskal kulturaren harrobietatik sortutako antzezlan eta musikaz gozatzeko helburuarekin, tartean hainbat emakume sortzaile konsagratu izanik. Horretarako Euskaltzaleen Topaguneak zuzeneko 6 ikuskizun antolatu ditu, urriaren 26tik azaroaren 28ra bitarte, Bizkaiko areto ezberdinetan.

Jasone Mendizabalen esanetan, “Hogei urtez martxan egotea oso adierazgarria da, horrek esan nahi baitu euskaraz gozatzeko gogoa egon badagoela gizartean eta hori guretzako oso mezu baikorra da. Gainera urte honetako uzta oso aberatsa da lurraldetasun, sormen eta aukera berdintasun aldetik. Beste horrenbeste edizio antolatzeko indarrak ematen dizkigu honek.”.