Irudieneak euskal ikus-entzunezko lanen erakusleihoa izan nahi du

Irudienea ikus-entzunezkoen plazan izena emateko epea zabalik dago irailaren 16tik urriaren 14ra. Euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaile amateur nahiz profesionalen lanen erakusleihoa izan nahi du Irudieneak eta urtero modura 54. Durangoko Azokako gune honetan lanak aurkeztu ahal izango dira. Aurtengo edizioa abenduaren 5a eta 8a artean egingo da, Durangoko zineman. 

Esan bezala, izen-ematea zabalik dago euskarazko ikus-entzunezkoak aurkeztu ahal izateko urriaren 14ra arte Irudienea webgunearen bitartez.

Garaiak aldatzen diren moduan, ikus-entzunezko ikuspegiak aldatzen dira; aniztasuna da egungo euskarazko ikus-entzunezkoetan nagusi. Dokumentalek, film luzeek, laburmetraiek … ateak zabaldu dizkiete bestelako ikus-entzunezkoei: web serieak, animaziozko filmak, esketxak, web dokumentalak… Irudieneak guzti hauek batu eta plazaratu nahi ditu euskal kultura bultzatzen duen Durangoko Azokaren esparruaren barruan.

Amateur zein profesionalentzat

Amateur nahiz profesional, afizioz zein ofizioz, euskarazko ikus-entzunezkoren bat sortu dutenek, beraien lana aurkezteko eskaera egin dezakete jadanik, hauen artean lan berriak eta gutxi zabaldutako lanak lehenetsiko dira.

Mota guztietako lanak bidaltzeko deialdia egiten da: film laburrak, luzeak, web serieak, animaziozko filmak, dokumentalak, fikzioa, esketxak, sortzaileen aurrez aurreko aurkezpenak edota lagunekin grabatutako web serie berria…

Izen-ematea zabalik

Irailaren 16tik urriaren 14ra bitartean, Irudienearako lanak aurkezteko aukera izango da Durangoko azokako webgunean, horretarako izena emateko orria bete besterik ez da egin behar.

Euskaltzaleen Topagunea saiatuko da Irudienean jasotako lanen aniztasuna publikoari erakutsiko dion plaza sortzen, hau da, euskal errealitateak, ikuspegiak, umorea, izaera, bozak, soinuak, historia etab plazaratzen.