5.500 mintzalagun baino gehiago daude Euskal Herrian

Urtea hastearekin batera, aurten ere Euskal Herrian zenbat mintzalagun dauden jakin nahi izan dugu. Zuetako askok deia jaso zenuten eta berehala eman zenizkiguten datuak, beraz, lehenik eta behin, eskerrik asko!

Egitasmo xumeak iruditu arren, talde polita osatzen dute mintzalagun, berbalagun, mintzakide, solaskide eta gainontzekoek… 5.500 lagun baino gehiago biltzen dira, astero, euskaraz aritu eta euskaraz gozatzeko! Urteotan izandako gorakada egonkorra dela esan genezake, azken lau urteetan ia bikoiztu delako mintzalagun kopurua.

Badakigu zifrak zifra baino ez direla, eta etengabe aldatzen direla. Baina gure hizkuntzarekiko konpromisoa bizirik dagoela adierazten dute. Euskaltzaleen elkarteek, euskaltegiek eta udalek elkarrekin egiten duzuen lanari esker, eta norbanakoen ahaleginarekin, gero eta euskaldun gehiago daude gure kaleetan, eta gero eta euskara gehiago entzungo da herrietako taberna eta txokoetan.

Zorionak supermintzalagun guztiei!

*Eta oraindik azken izen emate kanpainako bideoa ikusi ez duen despistaturik badago… hemen daukazue!