3blai

3Blai, haur eta gazteei zuzenduta Nafarroako hainbat herritan martxan dagoen asteburuko aisialdi programa bat da, ikasturtean zehar talde iraunkorrak sortzea helburu duena. Larunbat arratsaldetan biltzen dira 16:30etatik, 18:30etara eta era guztietako ekintzak eta tailerrak egiten dituzte: eskulanak, jolas antolatuak, kirola, beraiek proposatutako ekintzak…

 

Haurrak adinaren arabera banatzen dira eta herri bakoitzean erritmo ezberdinetan garatzen joan den egitasmoa da, herri bakoitzaren behar eta baliabideen arabera. Egitasmoan sartu den herri bakoitzak gurekin kontrastatuta nondik hasi erabaki du: haurrekin ( 8- 12 urte) Larunblai egitasmoan  hasi ala gazteekin ( 12- 16 urte) Iseka egitasmoan, zonalde bakoitzeko beharren arabera, alegia. Beraz, Iruñeako Alde Zaharra, Aranguren, Berriozar eta Burlatan Larunblai taldea martxan jartzea erabaki genuen eta Uharten, gazteekin Iseka gazte taldea sortu. Gainera, aurki, beste herri batzuk ere bere interesa erakutsi dute.

3blai egitasmoa ulertzeko, Atarrabiako Karrikaluze elkartea aipatu behar da. Bederatzi urte dira, Karrikaluzek haur eta gazte programak kudeatzen dituela. Hasieran, gazteei zuzendutako Kuadrilategi egitasmoa sortu zen, gero Iseka izena hartuko zuena. Ondoren, Larunblai eta Jauzi sortu ziren, haurrentzako aisialdi egitasmoak eta azkenik, Formakuntza gaztetxoak hezitzaile munduan barneratzeko proiektua, 16-18 urte bitartean egiten dutena. Horiek erakutsi digute bidea haur eta gazteengana gozamenaren bidez iristeko. Gaur egun Karrikaluze elkartearen proiektuetan 101 bat haur eta gazte eta 10 hezitzaile aritzen dira larunbatero euskara mingainean dutelarik.

3blai egitasmoa elkarlanean sustatuko egitasmoa da. Topagunearekin batera egitasmoa ondoko euskara elkarteek jarri zuten martxan: Ametza, Karrikaluze, Karrikiri, Dindaia, Biltoki, Zaldiko Maldiko, Kima eta Zorroka euskara elkarteak. Egitasmoa abiatzea erabaki bezain laster jarri ziren elkarteok udaletako euskara zerbitzuekin harremanetan egitasmoa teknikoki hobetzeko eta finantziazio bideak jorratzeko asmoz.

Aranguren, Berriozar eta Burlatako udalen laguntza ekonomikoaz gain,  Udalbiltza / Udalbide elkarlan elkartearen babes ekonomikoa ere badu 3blai proiektuak, erakunde honekin sinatutako hitzarmenari esker. Udalbiltza/Udalbide azken bi urtetan egitasmoaren babesletzan lagun izan dugu. Horien guztiena da beraz 3blai. Kudeaketari dagokion ardura Topaguneak hartu zuen.

 

Babeslea: