1ERATU mintegia Elgoibarren
Martxoaren 23an abiatuko da 1ERATU dinamika berria. Egun hortan euskalgintzako eragileak, euskara teknikariak, Euskaraldiko batzordekideak eta euskaltzaleen elkarteetako kideak bilduko dira Elgoibarren, Nola antolatu tokiko euskaltzaleen mugimendua? galderari erantzuteko. Hitzordua Elgoibarko IMH institutuan izango da, goizeko 10etatik aurrera. Euskal Herri osoko herri eta eskualde ezberdinetako esperientziak bilduko dira saio honetara, baita taldearen egonkortzean hurrengo pausua emateko prest dauden euskaltzaleak ere. Lan-mintegia izango da eta lan-ildo honetan Euskaltzaleen Topaguneak emango dituen hurrengo urratsak zehazteko balioko du.
Parte hartze prozesuak eta Topaldia aurrekari
Lan-dinamika honen abiapuntua ez da hutsetik sortu, hala ere. Euskaltzaleen Topagunearen kongresuan ondorio eta lehentasunen artean mugimendua zabaltzea eta kohesionatzea zeuden eta ondoren etorri dira helburu horri lotutako hainbat ekintza. Horien artean, aipagarriak dira azken urteetan Euskal Herriko hainbat herritan bertako euskaltzaleekin egin diren gogoeta prozesuak. Prozesuetako batzuk euskaltzaleen elkarte berriak sortzea izan dute helburu nagusi, eta beste batzuk, lehenagotik ari ziren euskara elkarteen jarduera berraztertu eta elkarteak biziberritzeko proposatu dira.
Horrekin batera, urtarrilean egindako Topaldia jardunaldian euskaltzaleen mugimenduaren norabidea izan da hausnarketa-gai. Izan ere, Euskaltzaleen mugimendu berritura bidean izenburua izan du aurtengo Topaldiak. Jardunaldian ildo berri honi oinarri bat jarri zitzaion eta lehen mintegirako langai izango diren ondorioak atera ziren bertaratutakoek egindako ariketatik.