16.Kameratoia lehiaketako izen-ematea zabalik da!

 Euskal Zine Bilera jaialdiarekin batera antolatzen dugun euskarazko ikus-entzunezko rally-a azaroaren 13tik 15era ospatuko da. 

Aitor Arregi zuzendari ospetsuak  zabaldu du 16.Kameratoia lehiaketan parte-hartzeko izen-ematea eta azaroaren 7ra bitartean zabalik egongo da Kameratoiaren atalean. Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko

16. edizio hau sorpresaz beterik dator, izan ere, lehiaketa online bidez gauzatuko da aurton eta Aitor Arregi (La trinchera infinita, Loreak, Handia) zuzendari sarituak oso leku berezia izango du lehiaketa osoan zehar, parte-hartzaileen gidaria eta baita lanen epailea izango da Izibene Oñederra (Lursaguak) zuzendariarekin batera.

 

Kameratoia online

Egoera berezi honen aurrean antolakuntzak aldaketa batzuk ezarri ditu osasun neurriak betetze aldera. Izen-ematea webgunearen bitartez egingo da baina urte honetan parte-hartzaileek ez dute Lekeitiora bertaratu beharrik, nahi duten tokian grabatu dezakete laburmetraia azaroaren 13tik 15era. Ohikoa den moduan antolakuntzak gaia eta ezaugarri batzuk argitaratuko ditu webgunean ostiralean eta 36 ordu izango dituzte ideia garatu, grabatu eta muntatzeko. Igandean, azaroaren 15eran eguerdiko 12ak baino lehen laburmetraiak email bidez bidali beharko dituzte.

Horretaz gain, azaroaren 16tik 19ra bitartean film labur guztiak Euskal Zine Bilera jaialdiko webgunean eskegiko dira publikoak gustuko duena bozkatzeko. Kameratoiaren irabazleak azaroaren 22an iragarriko dira, jaialdiaren itxiera ekitaldian.

Film labur hoberenak 1.000 euro irabaziko du eta Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan sailkatuko da. Bigarren hoberenak 600 euro jasoko ditu eta bozketa gehien jasotzen duenak Publikoaren Saria irabaziko du, 100 euro eta Lekeition asteburu bat.

 

Aitor Arregi gidari eta aholkulari

Moriarti films ekoiztetxeko zuzendarietako bat 16.Kameratoian parte-hartuko du modu oso berezian, izan ere, parte-hartzaileen gidari eta aholkularia izango da. Edizio hau aurkezteaz gain, arlo honetan bizi izandako esperientziak eta lehiaketa honetarako aholkuak partekatuko ditu parte-hartzaileekin masterclass batean lehiaketa baino egun batzuk arinago. Era berean, parte-hartzaileek ere galderak egiteko aukera izango dute.

Horretaz gain, Izibene Oñederra zuzendariarekin batera edizio honetako film labur guztiak baloratu eta 1. eta 2. sariak emango dituzte, jaialdiaren itxiera ekitaldian.