Udalekuak

Irun Iruten elkarteaEuskara normaltasunean bizi nahi dugulako, euskara elkarteok gure hiri eta herrietan haur eta gazteentzako udaleku eskaintza sortu genuen duela 20 urte baino gehiago. Erakargarritasuna eta sormena medio, haur eta gazteek aisialdia euskaraz bizi dezaten sortutako eskaintza da euskara elkarteena. Urte guztiotan jorratu eta eraikitako eskarmentua da eskaintza honetan aurkituko duzuna.

 

Haur eta gazteek, ikastaroa amaitzean, hiru hilabeteko oporraldi luzea izaten dute eta batzuentzat, urtean zehar horren normala den euskararen erabilerak etenaldi bat izaten du beraien ingurune hurbila, hau da, familia, bizi diren auzoa edo lagun sarea euskalduna ez delako. Udalekuen bitartez hiru hilabete horietan euskararen presentzia eta erabilera ziurtatu nahi da. Nolabait, hurrengo ikasturtea hasi bitartean, ondo pasatuz eta, era berean, hizkuntza baliabideak eskainiz, euskaraz hitz egiteko parada ematen zaio hau eta gazteari, baita bere harreman sarea euskalduntzeko aukera ere, udalekuetan egingo dituen lagun berriei esker..

 

Eskaintza anitza da, hau da, hainbat udaleku mota gauzatzen dira:

Udaleku irekiak: Herrian edo hirian bertan gauzatzen dira.

Udaleku itxiak: Herritik kanpo, aterpetxeetan egiten diren egunetako egonaldiak.

Udaleku mugikorrak edo kanpaldiak: Tokiz aldatuz gauzatzen diren egonaldiak.

Euskara Elkarteen udaleku eskaintzak oinarrizko helburu eta ezaugarrieihelduko dio:

Hamaika dira Euskara Elkarteen aisiako eskaintzaren nolakotasuna definitzen dituzten ezaugarriak:

  1. Eskaintza planifikatua da eta egitasmo sendo batean kokatuta dago, Federazioak plangintza egituratubaten barruan prestatu baitu.
  2. Eskaintza jarraitua da. Aisia euskaraz bizitzeko asmo sendoarekin sortutakoa, eta adina (2-17 urte bitarteko haur eta gazteak) zein egutegia (urte osoa) kontuan hartzen dituena.
  3. Herritartasunean oinarrituta dago. Herritik sortutako eskaintza da eta herriari begira landu eta ematen da. Herrian erreferente izatea lortu du.
  4. Sormenezkoa da. Euskararen erabilera sustatu nahian, hamaika modu berri sortzeko gaitasuna izan du.
  5. Malgua ere bada. Egoera eta beharrizan berrietara egokitzeko gaitasuna izan duen eskaintza da Euskara Elkarteena. Gainera, euskal kultura, joera tradizional eta berritzaileak uztartuz garatu da.
  6. Kalitatea du oinarri, kalitatezko kudeaketan oinarria duen kalitatezko eskaintza hezitzailea baita.
  7. Anitza da eta horrela egiaztatzen du aisiako eskaintza oparoak eta ekipamenduen kudeaketak: udalekuak, kanpaldiak, auzolandegiak, tailerrak, kultur zirkuituak, ikuskizunak, lehiaketak…
  8. Eredu integratzaile eta parte-hartzailea du ardatz. Batetik, norbanakoen berezitasunak errespetatuz eta mugarik ezarri gabe, gizabanakoa sare berrietan integratzeko eskaintza hezitzaile eta irekia delako. Bestetik, gurasoek zein gazteek beraiek eskaintzaren garapen prozesuan parte hartzeko aukera ematen duelako.
  9. Aukera berdintasunean oinarrituta dago, herritar guztiei luzatu eta harreman sare berriak sustatzeko sortutakoa delako. Ingurune hurbilak jartzen dituen mugak gainditzeko, eta haur eta gazteak elkarren artean harreman berrietan jartzeko sortutako aukera aberasgarria da.
  10. Tokian tokikoa da, gertu-gertuko beharrizanak asetzeko, bertako berezitasunak errespetatuz eta sustatuz.
  11. Euskararen eremu osora zuzendutakoa, muga geografikoak gainditzeko sortu den egitasmoa baita. Elkartrukeak eta harremanak sustatzeko aukerak eskaintzen ditu.

Euskara Elkarteek luzatzen duten eskaintzak milaka aukera ematen die haur eta gazteei: adin tarte zabala hartzen duten hainbat udaleku mota (2 eta 18 urte bitartekoentzat), irekiak, itxiak nahiz mugikorrak,Euskal Herriko hainbat Euskara Elkartek antolattutakoak. Horietan 12 urtez azpiko5.000 haurrek, 13 eta 18 urte bitarteko 300 gaztek eta 600 hezitzailek parte hartzen dute.

Udalekuak jolasa baino gehiago direlako…

Udaz gozatzeko hamaika arrazoi eta mila aukera!!!

2010 urteko eskaintza!!!

Ondoko euskara elkarteek antolatzen dituzte udalekuak: Bizarra Lepoan (Getxo), Txatxilipurdi (Arrasate), Berbaizu (Deustua), Berbaro (Duarango),  Jardun (Bergara), Elgoibarko Izarra (Elgoibar), Irun Iruten (Irun, Hondarribia, Hendaia), TTakun (Lasarte-Oria),  Karrikaluze (Atarrabia-Burlata), Din Daia (Nafarroan zehar)  eta Txatxangorrixak (Mutriku).

1 comment for “Udalekuak

  1. Ane Izagirre
    2016/04/16 at 13:33

    Kaixo!
    Lau neska gara, monitoretzako parte teorikoa atera berri dugu eta praktiken bila gabiltza udaleku itxietan eta ahal izanez gero abuztuan.
    Zeuen erantzunaren zain egongo gara.
    Mila esker!

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude