Udagoieneko Ostera 2017

Hemezortzi urte bete berritan, badator, ostera, euskarazko Kultur zirkuituaren edizio berri bat. Euskaltzaleen Topaguneak sei zuzeneko emanaldi antolatu ditu,  urriaren 21etik abenduaren 2ra bitarte, Bizkaiko antzoki banatan gozatzeko.

Aurtengo Ostera Anarik zabalduko du, Berrizen, eta azaroan zehar Igorren, Bilbon eta Arrigorriagan izango dira beste lau emanaldi. Leioan izango da azken hitzordua, Miss Karaoke antzerkia ikusteko aukera eskainiz.

Urrian, azaroan eta abenduan, Osterak euskarazko pilulak ekarriko dizkigu, euskaraz kulturaz gozatzeko aukera bereziak, elkarrekin disfrutatzeko edo, zergatik ez, nork bere buruari opari bat egiteko! Aurten Anari, Larregi eta “Hesian” taldeko Fran eta Zuriñeren akustikoa, Kepa Junkera eta Sorginaken “Maletak” ikuskizuna, Su Ta Gar taldearen zuzenekoa, Ez dok Hiru eta Miss Karaoke izango dira zirkuitu honetan, antzokiak beraien musika edo antzerkiaz piztuko dituztenak.  

 Programazioa

  • Anariren “Epilogoa” ikuskizuna. Berrizen, urriaren 21ean.
  • Larregi + Zuriñe eta Fran “Hesian”. Kontzertu akustikoa. Igorren, azaroaren 10ean.
  • Kepa Junkera eta Sorginak. “Maletak” ikuskizuna. Bilboko BBK salan, azaroaren 19an.
  • Su Ta Gar taldearen zuzenekoa. Bilboko Kafe Antzokian, azaroaren 23an.
  • Ez dok Hiru. Arrigorriagan, azaroaren 24an.
  • Miss Karaoke. Leioan, abenduaren 2an.

Sarrerak Interneten, Kutxabanken kutxazainetan eta aretoetan bertan erosi daitezke. Su Ta Garren zuzenerako sarrerak, Kafe Antzokiaren webgunean edo ticketea webgunean ere eskuratu daitezke.


Urriak 21, larunbata. Berrizko Kultur Etxean, 20:00etan. Sarrera: 8€

Anariri buruzko informazio gehiago

ANARI. “Epilogoa”
Kasualitatez hasi banintzen musika munduan, kausalitatez gertatu da ondorengo dena: diskak, kontzertuak, musikari lagunak… Bakarrik jaio eta bidean lagunak hartu; Mikel Abrego (BAP, Negu Gorriak, inoreneroni), Xabier Olazabal, Drake (BAP, inoreneroni) eta Borja Iglesias (Purr, Hotel, inoreneroni) ditut orain eskutik; bihotzetik hala ere, Xabi Strubell (Dut, ZURA), Jon Oiartzun (BAP) edo Maite Arroitajauregi. Denek egiten dute Anari gu. Bakardade ainitza.

Sonoritateari erreparatuz, oraindik egiten darraien erreka, non, diren iturri desberdinetatik edan, finean iturri orok ura, rocka. Batzuetan leuna, bestetan gogorra, beti bustia. Jan berriz, hitza. Aho bete hitz, ikusiak, ikasiak, bilatuak, ez aurkituak, lapurtuak…Errekaren gainean doan paperezko batela; errekak behar du, berak erreka haina.


Azaroak 10, ostirala. Igorreko Lasarte aretoan, 21:00etan. Sarrera: 8€

LARREGI + ZURIÑE ETA FRAN “Hesian” (Kontzertu akustikoa)

 

Larregi taldeari buruzko informazio gehiago

LARREGI taldeak 2008.urtean eman zituen lehen urratsak Lemoan. Ordutik hona, maketa bat eta 2 disko argitaratu dituzte eta dozenaka kontzertu eskaini.

Beraien musika rockaren barruan kokatzen da, punk-rock joera nabarmenarekin, eta beti ere  euskaraz abestutako melodia eta estribillo itsaskorren aldeko apustua eginez. Ia 10 urteko ibilbidearen ostean, Larregi 3 pertsonak osatzen dute eta “orain arteko formazio sendo eta onena” dutela diote: Pitu baterian, Iñigo baxua eta koruetan eta Unai gitarra eta ahots nagusian.

 

Hesian taldeari buruzko informazioa

HESIAN TALDEA 2006ko udan sortutako talde sakandarra da. Punk-rock eta hardcore melodikoen nahasketa bat ikusten da beraien abestietan, ska kutsu bat ere antzematen dela. Ezaugarririk aipagarriena, nahasketa oso erakargarriak sortzen duten bi ahotsak dira (emakume-mutil ahotsa). Zuriñe eta Fran dira, hain zuzen, Hesianeko ahotsak.

Hitz sakonak eta konprometituak, borrokalariak, esanahiez beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dutenak. Horixe da Hesian.  2006tik hona, 500 kontzertu baino gehiago eman dituzte Euskal Herrian eta Euskal Herritik at, eta estudioko 5 diskaeta zuzeneko CD/DVD bat kaleratu dituzte. Ezin geldirik egon.

 

 

 


Azaroak 19, igandea. Bilboko BBK aretoan, 20:00etan.Sarrera: 12€

KEPA JUNKERA ETA SORGINAK “Maletak”

“Maletak” making off-a

“Maletak” ikuskizunean bat egiten dute antzinako ohiturek, munduko doinuetan inspiratuta sorturiko kantek eta publikoaren indarrak.  Ikus-entzunezko esperientzia honetan, Kepa Junkerak lagun dauka oholtzan Sorginak, dantzari, kantari eta perkusiojole diren emakume gaztez osatutako taldea.

Euskadun unibertsal eta ezinbestekoa, Kepa Junkera artista handi bat da oroz gain, euskal musikaren iraultzailea, gure musikari arnas berria eratxikiz egungoa eta garaikidea bihurtu duena.  Bere talentuari esker gure musika, eta, harekin batera, gure kultura eraman du sekula pentsatuko ez genituen azken bazterretaraino.  2004an Grammy bat irabazi zuen Arriaga Antzokian, Bilbon, grabatutako lan batekin.


         Azaroak 23 , osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan. Sarrera: 12€/15€

SU TA GAR ZUZENEAN

Su ta Gar taldeari buruzko informazioa

Maitasunari Pasioa antzokietako bira ahaztezinaren ondoren,    Su Ta Gar ohizko emanaldietara bueltatu da. Taldea sortu zeneko 30 urte betetzen dira aurtengo udazkenean eta indarrez gainezka jarraitzen du, agian ibilbideko unerik goxoenean.

 

 

 

 


Azaroak 24, ostirala. Arrigorriagako Lonbo aretoan, 20:00etan. Sarrera: 9€

EZ DOK HIRU

Ez dok hiruri buruzko informazio gehiago

“Ez Dok Hiru” taldea eszenatokietara itzuli da, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskaintzeko. Publiko helduari zuzendutakoa, umorezkoa, euskaraz. Patxo Telleriak testuak sortzeko eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, zuzenean antzezteko duten estilo paregabearekin. Oraingo honetan, bikoteak beste hiru musikari-aktorekin  partekatuko du taula, hitzari, bere ohiko tresna eszenikoari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik.

“Ez dok Hiru”, kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. Gure modukoa, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario.

SINOPSIA

Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla.  Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu.

Kanta kopuru ederra erabili dugu, baina aipatu gabe utzi ditugu beste hainbeste kanta eta musikari. Horiek ere estimatu egiten ditugu, lan honetan tokirik aurkitu ez badute ere.  Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala.

 


Abenduak 2, larunbata. Leioako Kultur Leioan, 20:30etan. Sarrera:12€

MISS KARAOKE antzerkia

“Miss Karaoke” antzezlana Metrokoadroka kolektiboa eta Pez Limbo konpainiak elkarrekin sortutako lana da.

Miss Karaoke-k abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo gehiengotu edo gehiengo gehiengotuagotuentzat kantatuko du?

“Zerk definitzen zaitu?”, “Identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu?”. Era horretako galderei erantzuna bilatuko die Miss Karaokek, bere barne ahotsekin talkan. Umorea, absurdoa eta perfomance arima uztartzen dira eszena-lan honen taularatzean.

“Miss Karaoke” antzezlanaren oinarrian dagoen testua Oier Guillanek idatzi zuen DSS2016-ek bultzatutako “Dramaturgia berriak” deialdiaren baitan, eta Gasteizko Principal Antzokiak ekoiztu du, Arriaga eta Victoria Eugenia antzokiekin elkarlanean.

————————————————————————————————————————————————

SARREREN SALMENTA

Jadanik Interneten, BBKren kutxazainetan eta aretoetan bertan erosi daitezke.

Su ta Garren kontzerturako Kafe Antzokiaren webgunean edo Ticketea atarian ere eskuratu daitezke.

IKUSKIZUN GUZTIETAKO KARTELAK HEMEN DESKARGATU DAITEZKE.

2016ko Udagoieneko Ostera