Udagoieneko Ostera 2015

Hamasei udazken betetzear da eta badator, ostera, euskarazko Kultur zirkuituaren edizio berri bat. Euskaltzaleen Topaguneak bost zuzeneko emanaldi antolatu ditu, azaroaren 7tik 26ra bitarte Bizkaiko bost antzokitan gozatzeko.

kartel-orokorra-webUdagoieneko Ostera Gernikan hasiko da aurten eta errenkadan bisitatuko ditu Balmaseda, Muskiz, Bilbo eta Leioa. Halaber, Gernikan eta Bilbon solasaldi bana izango da zenbait euskal sortzailerekin ( Gernikan Kalakan taldekoez eta Bilbon Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin).

Astero euskarazko ikuskizun bat, astero euskaraz kulturaz gozatzeko aukera; astero elkarrekin disfrutatu edo, zergatik ez, nork bere buruari opari bat egiteko! Aurten Mursego-Kalakan, Hutsa-Demode Quartet, Benito Lertxundi, Libe-Sorkun eta Oreka Tx izango dira antzokiak beraien musika edo antzerkiaz piztuko zaituztenak.

 

Programazioa

  • Azaroak 6, Gernika. Mursego-Kalakan (azaroak 5, solasaldia)
  • Azaroak 13, Balmaseda. Hutsa-Demode Quartet.
  • Azaroak 20, Muskiz. Benito Lertxundi.
  • Azaroak 26, Bilbo. Libe-Sorkun (azaroak 25, solasaldia).
  • Azaroak 27, Leioa. Oreka Tx.

 


 

Azaroak 6, ostirala. Gernikako Lizeo antzokian, 20:30ean. Sarrera 8€:

Mursego-Hiru: Rocketik, abangoardiatik, klasikotik eta (geografia ezberdinetako) folketik edaten duen pop-a da Mursegorena hau da, egungo musika herrikoia. Hiru diskoa, lehenengo kantatik hamaikagarreneraino, Mursegoren musikak eragiten duen bahitura-sentsazioaren lekuko da. Disko honetako kanta gehienek, aurreko bi diskoetakoek bezalaxe, istorio bat dute bere baitan, ipuin bat ia.

Kalakan: Ahotsak eta perkusioak dira Kalakanen musikaren oinarri bakarrak, eta hirukoteak kantu herrikoiak bere modu propioan moldatzen ditu, betiko doinuak zahar berri eginez, edo egungo olerkarien hitzak abestuz. Kantu bidez Nafarroako Erriberatik Xiberoko ibarrera, edo Rio de Janeirora eraman zaitzakete. Erabiltzen dituzten musika tresnen artean dira danborrak, txalaparta, tobera, intxaurrak, txirulak eta alboka.

 

Azaroak 5, osteguna. Gernikako Astra gaztetxean, 18:30ean. Sarrera doan:

 


 

Azaroak 13, ostirala. Balmasedako Klaret antzokian, 20:00etan. Sarrera 8€

Hutsa: Maria eta Eriz eskarmentu handiko musikari gazte bi dira. 2010ean elkartu ziren beraien talde gogokoenetakoen kantuak modu akustikoan bertsionatzeko, eta gaur egun laugarren diskoa prestatzen dabiltza. Kafe usainaz kutsatutako akordeez lagundutako emanaldiak izaten dira beraienak; doinu lasaiekin datoz, beraien musikaren goxotasun eta indarraz publikoa gozaraztera.

Demode Quartet: Talde honi zerbaitek esaten dio euskal “giltzak” “gakoak” “esentziak” eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan. Hau guztia frogatzeko bidaiatu egin dute, irakurri, entzun…Ondorioa jarraian egiaztatuko duzue: erantzunak baino gehiago planteatzen dituen diskoa… Batez ere hau: nola demontre ausartu dira? Polemika alde batera utzita, seguru daude Countryaren, Jazzaren, Sanbaren, Bollywoodaren edo Pop-modernoaren jatorria Euskal Herriko mendi, portu eta haranetan bilatu behar dela. Horixe frogatu nahi digute EPA! diskoarekin… A ze beldurra.

 


 

 

Azaroak 20, ostirala. Muskizko Meatzari aretoan, 20:00etan. Sarrera 18€ aldez aurretik, 20€ bertan.

  • BENITO LERTXUNDI – OROIMENAREN ORAINA: Artistak betidanik ohitu izan gaituen legez, “Oroimenaren oraina” izeneko hau ere, sortze lan zaindua dugu, sakona eta sentsuala era berean; bizitza osoa abestien sorkuntzari eta interpretazioari eskaini ondoren, Benito Lertxundik, bere hirurogeita hamargarren urtemugan aurkezten duen opera bikaina. Doinu emankorren iragaitean, oroimenaz, denboraz eta neurtezinezko bizitzaz osoturiko lohiaren ongarria jasotzen dugu eskukadaka eta kantuek, ilunabarreko argi pirrintak bailiran, gure barne etxerantz gidatzen gaituzte, bizitzak eta maitasunak, espero gabe, bidean harrapa gaitzaten.

 

 

Azaroak 26, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8€ aldez aurretik, 10€ bertan.

Libe: Talde berri baten lehen lana bada ere, disko landu eta heldu baten aurrean gaude. Rock malenkoniatsu eta iluna, oinarri erritmiko sendoez lagundutako teklatu eta ahotsak direlarik nagusi. Doinu sendo eta indartsu bezain hauskorrak, denborarekin zeure egiten dituzun horietakoak; barru-barrutik sortutakoak eta barrenak astintzen dituztenak. Musikaren laguntzaz lur idor, mamu eta distantziaren argi-ilunetan murgiltzeko aukera aparta. Ihesaldi handi bat, urrunera eramango zaituena.

Sorkun: Zazpi urte bakarkako lanik kaleratu gabe igaro ostean, Sorkun Rubio abeslaria disko berriaz dator, ziklo bati amaiera eman eta beste berri bat hasiz. Dantzarako diskoa da Sorkunen azkena, musika beltza, soula, funkya, regaea etab nahasten dituena.

 

Azaroak 25, asteazkena. Bilboko Kafe Antzokian, 10:30ean. Sarrera doan:

  • Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin solasaldia: Baga Biga Higa. Euskal musikaren historiaren gaineko begirada eskainiko dute, 60. hamarkadaren aurreko garaietatik hasi eta gaur egunera artekoa. Musikariek hitzez bakarrik ez, kantuz ere islatuko dute baga, iragana; biga, oraina eta higa, etorkizunerako erronkak eta aukerak. Zenbat gara elkarteak antolatuta.

 


 

 

Azaroak 27, ostirala. Leioako Kultur Leioan, 21:00etan. Sarrera 15€ aurretik, 18€ bertan.

  • OREKA TX-SILEX: Su-harri izena daraman kontzertu hau, mugarri da OREKA TX-en ibilbide oparoan. Txalaparta da proiektu honen protagonista nagusia, eta Oreka TX taldeak landu dituen azken bi ikuskizunen musika jasotzen du (Hostoak eta Herritmo). OREKA TX taldeak dantzan jartzen ditu musika tresna desberdinak harrizko txalapartaren inguruan. Zuzeneko honetan, taldeak sonoritate ondu, berezi eta erosoa eskaintzen du eta, txalapartaren mesedetan, trebetasunez bere aukera erritmiko, melodiko eta armonikoak garatzen ditu.

“Afilatzetik” afinatzera dagoen bidea egin dugu, nagusiki, harrizko txalaparta erabiliz.Harria harriaren kontra, talkan, behin eta berriz su-harriaren txispa lortu arte’

 

SARREREN SALMENTA

Jadanik Interneten, BBKren kutxazainetan eta aretoetan bertan erosi daitezke.

Libe eta Sorkunen kontzertuetarako, Kafe Antzokiaren webgunean edo Ticketea atarian ere eskuratu daitezke.

Aretoetan bertan (baldin eta aurrez ez badira guztiak saldu).

IKUSKIZUN GUZTIETAKO KARTELAK HEMEN DESKARGATU DAITEZKE.

2014ko Udagoieneko Ostera

3 comments for “Udagoieneko Ostera 2015

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude