Udagoieneko Ostera 2014

Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren XV. edizioa jarri du abian. Zirkuitua bost emanaldik osatzen dute, eta haietako bakoitza Bizkaiko herri edo antzoki batean izango da azaroaren 9tik 29ra: Getxon, Balmasedan, Bilboko BBK Salan, Bilboko Kafe Antzokian eta Ermuan. Gainera, aurten zirkuituan parte hartuko duten zenbait sortzailerekin solasaldiak izango dira (Garirekin, Getxon, eta Napoka Iriarekin, Bilbon).

2014ko edizioan Gari-Maldanbera, Jainko Txiki eta Jostalari Hura, Anne Etchegoyen eta Aizkoa Abesbatza, Napoka Iria, Anari eta Pankreas musika edo antzerki taldeen emanaldiak izango dira. Udazkenero, astero Ostera hasten da!

Programazioa:Udagoieneko Ostera 2014

  • Azaroak 9, Getxo. Gari-Maldanbera (azaroak 5, solasaldia).
  • Azaroak 15, Balmaseda. Jainko Txiki eta Jostalari Hura.
  • Azaroak 22, Bilbo. Anne Etchegoyen eta Aizkoa Abesbatza.
  • Azaroak 27, Bilbo. Napoka Iria eta Anari (azaroak 25, solasaldia).
  • Azaroak 29, Igorre. Pankreas antzerkia (azaroak 27, solasaldia).

Azaroak 9, igandea. Getxoko Andres Isasi musika eskolan, 19:00etan. Sarrera 8€:

  • GARI – MALDANBERA: 2013an argitaratu zuen Garik bere azken lana, EzDa Amaiera, eta ordutik hona bere aurkezpen biran murgilduta ibili da, beste hainbat proiektutan parte hartu duen bitartean. Publikoak eta kritikak gustora hartu dute bere proposamena, eta lan ausarta eta berezia aurkitu dute bere zuzenekoetara hurbildu direnek. Orain, eta azken sei urteetan bakarka edota bikote moduan ibili ondoren, proiektu berri bati ekin dio MaldanBera taldearekin. Ibilbide berri honetan, bere abestiak indartsuago aurkezten ditu, taldearen babesarekin doinu eta soinuak areagotuz.

Azaroak 5, asteazkena. Getxoko Villamonte Kultur Etxean, 20:00etan. Sarrera doan:

  • Garirekin solasaldia, Egizu elkarteak antolatuta eta UK aldizkariko kazetari batek gidatuta.

Azaroak 15, larunbata. Balmasedako Klaret Antzokian, 20:00etan. Sarrera 8€:

  • JAINKO TXIKI ETA JOSTALARI HURA: Ikuskizun multimedia berri honetan, Kirmen Uriberen testuak nahasten dira Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalen musikarekin eta Mikel Valverderen ilustrazioekin. Arte-mota desberdinak ñabarduraz eta gustuz konbinatuz, ikuskizun indartsu eta liluragarria sortu dute aipatutako euskal artistek. Zaharregia, txikiegia agian lana estreinatu zuten 2003an, eta azken Durangoko Azokan ikuskizun berriaren CD-liburua aurkeztu zuten. Zuzeneko emanaldian abestiak, musikaren laguntza duten poema-irakurraldiak eta proiekzioak tartekatzen dira.

Azaroak 22, larunbata. Bilboko BBK Salan, 20:00etan. Sarrera 12€:

  • ANNE ETCHEGOYEN ETA AIZKOA ABESBATZA: Donapaleuko abeslariak lau disko kaleratu ditu, bi bakarlari moduan eta beste bi Aizkoa abesbatzarekin. Ahots gozo eta indartsua dauka Etxegoienek, eta arrakasta handia izaten ari da Bilbon aurkeztuko duen Les Voix Basques diskoarekin. Hain zuzen, urrezko diskoa izan da Frantzian, 60.000 kopia baino gehiago saldurik, eta albumean euskal errepertorioko abesti tradizionalak eta bere konposizioak ageri dira. Aizkoa abesbatzako kideekin arituko da BBK Salan.

Azaroak 27, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8€ aldez aurretik, 12€ bertan:

Napoka Iria (Miren Narbaiza eta Ander Mujika) tock-folk akustikoa egiten duen Euskal Herriko bikotea da. Ibilibide musikala 2005ean hasi zuten, eta iaz kaleratutako “Arnasten Ikasteko Berriz” diskoa aurkeztuko dute Kafe Antzokian. Lan berriko kantu bakoitza leku intimo batera bidaiatzeko txartela da, noberaren barrura bidaiatzeko aukera bat. Album honek inflexio puntu bat suposatu du taldearen ibilbidean, gauzak birplanteatu eta musikaz gozatzen jarraitzeko aukera eman baitie.

Anari (Anari Alberdi), kasualitatez hasi zen musika munduan. Hori dio musikariak berak. Kasualitatez hasi, eta kausalitatez gertatu da ondorengo dena: diskak, kontzertuak, musikari lagunak… Bakarrik jaio eta bidean lagunak hartu ditu orain eskutik; Mikel Abrego (BAP, Negu Gorriak, inoreneroni), Xabier Olazabal, Drake (BAP, inoreneroni) eta Borja Iglesias (Purr, Hotel, inoreneroni). Denek egiten dute Anari gu. Bakardade ainitza.

.
Azaroak 25, asteartea. Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan. Sarrera doan:

  • Napoka Iria taldeko kideekin solasaldia, Zenbat Gara elkarteak antolatuta.

Azaroak 29, larunbata. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€:

  • PANKREAS ANTZERKIA: Gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua. Tartean Teatroa konpainiaren antzerki lan berria da, Patxo Telleriak egina eta antzeztua, Mikel Martinez eta Joseba Apaolazarekin batera. Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke? Komedia honetako hiru lagunek auzi honi eman behar diote erantzuna. Gau zoro batean, ezuzteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia gertatu egiten da noizbait.

Azaroak 27, osteguna. Igorren, goizean. DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta:

  • Pankreas antzerki laneko sortzailearekin, Patxo Telleriarekin, solasaldia.

 

SARREREN SALMENTA:

Kutxabanken orotariko kutxazainetan edo internet bidez.

Napoka Iria eta Anariren kontzertuetarako, Kafe Antzokiaren wegunean edo ticketean.

Aretoetan bertan.

 

IKUSKIZUN GUZTIETAKO KARTELAK HEMEN DESKARGATU DAITEZKE.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude