Topaldia: “Diskurtsoak: nola euskaltzaletu herritarrak?”

Euskaltzaleen Mugimendurako interesekoak diren gaien inguruan hausnarketa egiteko helburua du TOPALDIAk, Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen jardunaldiak. Barne gogoeta eta elikadura tresna izateaz gain, bestelako eragile zein norbanakoekin elkartrukea bideratzeko espazioa ere eskaintzen du. Hamazazpi urteko ibilbidean, mugimenduko kideen elkargune, formazio eta gogoetarako ezinbesteko hitzordu bihurtu da Topaldia. 

15.edizioan, diskurtsoak ardatz

2018ko urtarrilaren 25ean burutuko da aurtengo Topaldia, Durangoko Landako Elkartegian. Herritarrak euskaltzaletzeko diskurtsoek ardaztuko dute oraingoan jardunaldiaren edukia.

Izan ere, euskararen berreskurapen prozesuan, gero eta herritar gehiago euskaltzaletzea ezinbestekoa izango da etorkizunean. Horretarako, Euskalgintzatik bultzatzen diren ekimenez gain, plazaratzen ditugun diskurtsoak giltzarri izango dira. Jendartea aldatzen ari den gisara, zabaltzen ditugun mezuak ere eraldatu beharrean gaude, benetan eragin nahi badugu. Gai hori lantzeko, alor ezberdinetako maila handiko adituak eta arituak batuko dira edizio honetako Topaldian.

Aztergaia hiru ataletan banatu da; hasteko, soziolinguistikan eta komunikazio esparruan oinarri bat jarriko dute Belen Uranga eta Joxerra Gartziak. Bigarren atalean berriz, hiztun tipologien baitan zein diskurtso diren eraginkor plazaratuko dituzte Idurre Eskisabel, Jone Goirigolzarri eta Eneko Gorrik, teoria, bizipenak eta praktikak elkar gurutzatuz. Arratsaldeko atalean, Mugimendu Euskaltzaletik bultzaturiko ekimenak izango dira ardatz. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Donostiako Protokoloa, Euskaraldia eta Korrika maila diskurtsiboan aletuko dira, ekimen horietako koordinatzaileak elkarrizketan jarriko baititu Leire Palaciosek.

Izena ematea zabalik

Urtarrilaren 19rarte edo aretoko edukiera betetzen den arte egongo da zabalik Topaldiaren izen-ematea (webgune honetan bertan egin daiteke).

Topaldiaren egitaraua.