Topagunea eta Kultur Errotaren alde

Bat egin ezazu adierazpenarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa eta Kultur Errota babesteko zuen lankidetza hitzarmena bertan behera utzi du. Erabaki horren aurrean, ondokoa adierazi nahi dugu:

GFAK ez du babestenEuskara elkarteek, eta ondorioz Topaguneak, euskararen erabilera bultzatuz euskaldun komunitate trinko eta zabal bat antolatzea dute xede; antolatzen dituzten ekimen guztiak ikuspegi eta helburu horiekin landuta daude. Horrela, Kultur Errota euskarazko kultur sorkuntza herritarrei hurbiltzeko bokazioz sortu zen; formatu txikiko kultur eskaintzaren erreferente ukaezina bihurtu da hainbat herritan. Hamaika ediziotan ehunka sortzailek mila eta zazpiehun emanalditik gora eskaini dizkiete Euskal Herri osoko milaka ikus-entzuleri. Gizarte ekimenetik bultzatua, Kultur Errotak sortzaile eta herritarren arteko harremana lantzea du helburu sorreratik, Euskara Elkarteek duten kultur dinamika ereduaren adibide.

Kultur eredu herrikoia da gurea, herritik sortu eta herritarrekin harremanetan lantzen dena. Horregatik, ziur diogu: ez dira berdinak gizarte ekimenetik eta Administraziotik antolatutako kultur eskaintzak. Herritarrak kontsumitzaile hutsak baino gehiago diren kulturgintza da euskara elkarteek jorratzen duten kultur dinamika. Euskal sortzaileen eta herritarren harremanetik sortu zen Kultur Errota eta egun ere, eskaintza hori du xede. Kultur Errotak urteotan guztiotan egin dituen ekarpenak gogora ekarri nahi ditugu:

  • Sortzaile euskaldunentzako (ibilbide luzea duten zein hasi berriak diren sortzaileentzako) plaza eskaini du.
  • Herritarrak kulturgileekin harremanetan jarri ditu.
  • Kultur kontsumitzaile hutsak izan beharrean, kultur eragile bihurtu ditu hainbat herritar, euskara elkarteen bidez. Horrela, herri bakoitzeko kultur dinamika ezagutzen duen antolatzaile motibatuen sarea antolatu da Kultur Errotaren inguruan.
  • Euskarazko kultur eskaintza urria zegoen zenbait gunetan ohiko programazioa egotea ahalbidetu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiarekin, Kultur Errotaren baliagarritasuna zalantzan jartzearekin bat, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren sustapen lana ere ezbaian jarri da. Euskara elkarteen mugimendutik sortu zen Topagunea duela hamabi urte eta mugimendu honen sostengu modura jardun du urteotan guztiotan, elkarteen arteko harremanean sakonduz, egitasmo eredugarrien zabalkundea eginez, egitasmoen antolakuntzarako metodologia landuz, euskara elkarteen ordezkaritza lana bere gain hartuz, prestakuntza eskaintza antolatuz eta euskararen normalkuntzan elkarteen ekarpena handitzeko gogoetak bideratuz. Euskara elkarteen tokian tokiko eragina indartzeko lanean ari den federazioa da eta herri ekimena du oinarrian.

Parte hartzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, gizarte mugimenduaren alde apustu sendoa egiten jarraitzen dugu, gizarte bizitzari bezala, euskarari eta kulturgintzari egiten dion ekarpenagatik. Lan horren aitorpenaz gain, babesa aldarrikatzen dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen erabakiak, eragin ekonomikotik harantzago, zalantzan jarri du Kultur Errotak eta Topaguneak proposatutako eredua, gizarte ekimenean eta parte hartzean oinarritutako eredua.