TopaEguna 2014: egitaraua

egitarauaGoizeko 10,30etan ekingo diogu TopaEgunari, ekitaldi berezi batekin. Izan ere, 15 urte barru euskararen egoera nola amesten dugun idatzi eta lur-azpian “erein” egingo ditugu ametsok (15 urte barru, 2029ko irailean) ereindakoaren fruituak zenbateraino bete diren jakin ahal izateko. Berbak erein, ametsak erein.

11,00tatik aurrera esperientzien trukegunea jarriko dugu martxan Kultur Birikan. Eta zer aurkituko dugu bertan? euskaltzaleen elkarteko bederatzi esperientzia, mugimendu feministaren beste esperientzia bat eta gazte topaldia.

Baina goizak, esperientzien trukerako aukera emateaz gain, gozamenerako aukera ere emango du. Derioko kaleetan zehar izango ditugu umeentzako tailerrak, bertoko musikariak, kantujira, Lasarteko batukada, Erandioko kilikiak, Txorierriko txakolin eta Boga garagardoaren dastaketa eta talo jana.

Ibilaldi gidatu berezi bat ere izango dugu. Derion egonik, kanposantutik txangoa egiteak merezi du, zenbait bitxikeri eta altxor aurkitu baitaitezke bertan.

Dantzan amaituko dugu goiza, Derioko plazan Larrain dantzaren doinuan.

Bazkarirako tartea hartuko dugu ondoren, frontoian, nahi beste lagunentzako lekua egongo baita. Baina horretarako, aurrez, izena eman beharra dago (Derion edo internet bidez egin daiteke). Bazkaldu ondoren, kultur gindak izango ditugu (kantua eta bertsoak). Eta ordu berean, haurrekin familia giroan hurbiltzen direnek Irrien Lagunekin hitzordua izango dute.

Arratsaldeko seietan izango da TopaEguneko ekitaldi nagusia, frontoian bertan eta ondoren, musikak hartuko du eguneko azken txanpa. Lehenenik erromeria, Fan&go taldearekin (bitartean elektrotxarangak musikaz bustiko ditu Derioko kaleak) eta, ondoren kontzertua, Zizka Mizka eta Gibelurdinek taldeekin.

Jai girorik ez da faltako, esperientzia interesgarri eta elkartzeko aukerarik ere ez. Eta zu? Derion izango zara gurekin?

 

topaegitaraua_planoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude