Nafarroa eta Gipuzkoako elkarteen kulturgintza arloko MINTEGIA

 

Irailaren 25an, larunbata, goizez,  MINTZOLA fundazioaren Villabonako egoitzan, Nafarroa eta Gipuzkoako elkarteen MINTEGIA izango da. Horren ondoren etorriko dira Arabako elkarteena, azaroaren 13an hango jardunaldien baitan, eta Bizkaikoena, azaroaren 27an.

Hiru mintegi horiek, kulturgintza arloko nolabaiteko jarduera duten elkarteen gogoetagunea izan nahi dute. Izan ere, uste dugu asko dela, kulturgintzan jarduteko moduan, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin kontrastatzeko eta adosteko daukaguna.

Kultura Batzordearen hiru batzarguneetako batean edo bestean biltzen diren  15 elkarteek pare bat urte daramate euskara elkarteen kultur jardueraren gakoen inguruan iritziak, praktikak eta gogoetak trukatzen, eta uste dugu iritsi zaigula momentua horiek TOPAGUNEAren gainontzeko elkarteekin aztertzeko.

Gogoeta eta eztabaidarako MINTEGIAK, Gotzon Barandiaran eta Igor Elortzak 2009an, Bilborock Aretoan egin ziren jardunaldietan aurkeztu zuten ponentzia izango dute oinarri. Egileek eurek aurkeztuko dute mintegietako bakoitzean “Sortu, jaso eta zabal zazu. Kulturgintzaz” izeneko hausnarketa. Horrez gain, Kultura Batzordeko bi  elkartek, parte hartzea ardatz duen egitasmo bana aurkeztuko dute. Villabonako mintegian, Soraluzeko PILPILEAN eta Lasarteko TTAKUN izango dira bi elkarte horiek.

Ponentzia eta egitasmoen aurkezpenez gain, iritzi truke eta eztabaidarako tartea luzea izango da.  Izan ere, lehenengoak  bigarrenari begira egiten dira.

Hilaren 25eko mintegirako gonbidapena egin zaio, dagoeneko, kultura jarduerak garatzen dituzten Nafarroako eta Gipuzkoako elkarte guztiei.

Mintegietan, elkarteetan dedikazioa duten lantaldeetako kideak eta boluntario aritzen diren bazkideak parte hartzea lortu nahi da, horrexegatik aukeratu dira larunbat goizak, ahalik eta gehienentzako aukera izan dadin.

Hilaren 25eko mintegirako gonbidapena egin zaio, dagoeneko, kultura jarduerak antolatzen dituzten Nafarroa eta Gipuzkoako elkarte guztiei. Parte hartzea jakinarazi eta ponentzia jasotzeko kulturgintza@topagunea.com helbidera idatzi edo 656794697 telefonora deitu    (Manuel).