Irakurri, gozatu eta oparitu

Euskaltzaleen elkarteek, Udalek, liburutegi publikoek eta liburu dendek elkarlanean 11. urtez antolatuko dute aurten IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa. 2017ko martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31ra arte iraungo du.

Aurten inoiz baino herri gehiago ari dira euskarazko irakurtzaletasuna sustatzen: guztira 52 herrik abiatu dute IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU. 2017an 450.000 pertsona baino gehiagok izango dute aukera “1001 mundu” ezagutzeko! 

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez. Horregatik, prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.

HIRU PAUSU ERRAZ

Nola parte hartu daiteke egitasmoan? Zer egin behar da? Bada, oso erraza da irakurtzea, gozatzea eta oparitzea. Honako hiru pausuak bete behar dira:

  1. Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan  eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal duzu.
  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete bete: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dizu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  3. Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.

ABANTAILAK

  • Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango dizu!
  • Apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€ko  balioa duen txekea zozkatuko da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

 52 HERRITAN MARTXOTIK MAIATZERA 

Martxoaren 20an  hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da XI. edizioa. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du aurtengo kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak ekainaren 10era arte erabili ahal izango dira. 

Aurten sekula baino herri gehiagok parte hartuko dute egitasmoan, eta lehenengo aldiz bi hiriburutan, Gasteizen eta Iruñean, burutuko dute. 

Honako 52 herritakoek izango dute euskarazko liburuak irakurri, gozatu eta oparitzeko: 

  • Araba: Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Gasteiz, Kanpezu,  Legutio, Maeztu,  Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.
  • Bizkaia: Atxondo, Dima, Ermua, Getxo, Igorre, Lekeitio, Mañaria, Muskiz, Sopela, Ondarroa, Orozko, Otxandio,  Zamudio.
  • Gipuzkoa: Beasain, Eskoriatza, Lazkao, Legazpi,  Soraluze,  Ordizia, Orio, Villabona, Zaldibia.
  • Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Larraintzar, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Doneztebe, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Iruñea,  Leitza,  Lizarra, Olazti,  Uharte,  Zizur Nagusia .

50 LIBURU GOMENDATUEN ZERRENDA

Behar duenari irakurri nahi duen liburua aukeratzen laguntzeko,  aurten ere  50 liburu gomendatuen zerrenda ( bost adin tarteka sailkatuta) zabalduko dugu, herri guztietan, diptiko baten bidez. 

ERAGIN POSITIBOA

Oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dituzte Euskaltzaleen Topaguneak eta tokiko antolatzaileek ekimen honen bidez:

  • Euskaldunei liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Aurreko hamar edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina  kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.

Egitasmoak Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Araba eta Bizkaiko Aldundiak eta hainbat udal eta mankomunitateren babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

1001 munduz gozatzeko prest? Liburutegira joan eta abentura berri bat hasi dezakezu!