IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU

apal_handia_2015_bajan(1)

Apirilaren 23an, hau da, Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, eta ekainaren 30era arte, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa jartzen du martxan Euskaltzaleen Topaguneak, zenbait euskara elkarte, udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera.

Irakurketa sustatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, hiru horiek dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta horretarako prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.

Aurtengoa, bederatzigarren edizioa da eta Euskal Herriko 42 herritan ipiniko da martxan.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

  1. markadorea_bajan2Irakurri
    Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.
  2. Gozatu
    Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  3. Oparitu
    Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, horren prezioaren %25 ordaindu ahalko da, edo %50 euskara elkarteko kidea edo mintzalaguna/mintzakide izanez gero.

Horrez gain, maiatza eta ekainaren bukaeran, liburutegi bakoitzean, hile horretan parte hartu dutenen artean 30€ko balio duen txeke bana zozketatuko da
Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dituzte EuskaltzaleenTopaguneak eta tokiko antolatzaileek ekimen honen bidez:

  • Euskaldunei liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Hasiera, Liburuaren Nazioarteko Egunean

˜Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa apirilaren 23an hasten da urtero, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, ekainaren 30ean izaten da: izan ere, uda izaten askorentzat irakurtzeko garairik egokiena, eta ondorioz uda aurreko hilabeteak oso egokiak dira liburu trukea sustatzeko.

Esan bezala, egitasmoa 42 herritan ipiniko da martxan 2015ko edizioan. Guztira, 12 euskara elkarte, 33 Udal, mankomunitate bat, 47 liburutegi, 67 liburu denda eta 7 argitaletxek parte hartzen dut, era batera edo bestera, egitasmo honetan.

Eskualdekako hedapenean zentratu dira antolatzaileak egitasmoa herrietan indartzeko helburuarekin eta ondorioz, Nafarroako Sakana eta Iruñerria, Arabako Zuia eta Lautada, Gipuzkoako Goierri eta Bizkaiko Txorierriko herri gehienetako herritarrek parte hartu ahal izango dute.

Hona herrien zerrenda, herrialdeka.

  • Araba: Agurain, Asparrena, Dulantzi Legutio, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.
  • Bizkaia: Atxondo, Balmaseda, Derio, Etxebarri, Gernika , Getxo, Larrabetzu, Ondarroa, Otxandio, Zamudio.
  • Gipuzkoa: Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Soraluze, Ordizia, Orio, Pasaia, Zaldibia.
  • Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Uharte, Ultzama, Lakuntza, Lizarra, Olazti, Zizur nagusia .

Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek liburutegi publikoan egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak Eusko Jaurlaritza eta Araba eta Bizkaiko Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

Anima zaitez eta parte hartu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude