“Euskara partekatzen duguna” dekalogoa aurkeztu da

Andoaingo Martin Ugalde parkean burutu diren Euskara aniztasunean topaketan egin du Euskara partekatzen duguna dekalogoaren aurkezpena Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topagunearen zuzendariak. Euskaltzaleen topaguneen mugimenduak aniztasunari buruz duen ikuspegia jendarteratzeko helburuarekin osatu dute 10 oinarri biltzen dituen dokumentua.

Euskal Herrian bizi dugun hizkuntza-aniztasun errealitatea aitortuz eta hori modu positiboan ulertuta, guztion artean partekatzen dugun hizkuntza euskara izateko aldarria egiten du dekalogoak. Aurrera begira, oinarri hauek bultzatzeko egitasmoekin jarraitzeaz gain, aniztasuna zehar lerro gisa txertatzeko asmoa berretsi da, herritar orori bidea elkarrekin egiteko gonbidapena eginez.

Dagoeneko aniztasunaren inguruan eginiko ibilbidea aurkezteko tartea ere hartu da topaketan. Horrela,  tokian tokiko euskaltzaleen elkarte ezberdinek eta Topaguneak berak martxan jarritako proiektu ezberdinen berri jaso ahal izan dute bertaratutakoek. Harrera orokor zein linguistikorako proiektuak, hezkuntza arlokoak edota sentsibilizazioari lotutakoak azaldu dira besteak beste.

Hizkuntza eta kultura aniztasunari buruz euskal herritarrok ditugun iritzi eta jarreren inguruko ikerketa aurkeztu du ondoren Asier Etxenike Aztikerreko ikerlariak. Hausnarketan sakontzeko, Jasone Mendizabalek gidatutako mahai inguruan parte hartu dute  Belen Uranga filologoak eta Xabier Aierdi soziologoak, euskararen normalizazioan aniztasunak ekar ditzakeen aukerei buruz aritu gogoeta eginez.

Amaitzeko, etorkizuneko murala osatu da topaketako parte hartzaile guztien artean. Bakoitzak, aniztasuna lantzeko dagoeneko bere inguruan egiten den ekimen bat gehitu du muralera, eta ondoren zentroan jarri dituzte aurrerantzean elkarrekin egin daitezkeen ekimenetarako ideiak.

 

dekalogoaren aurkezpena1 dekalogoaren aurkezpena2 etorkizunaren murala euskara aniztasunean topaketa1 euskara aniztasunean topaketa2 mahai ingurua