Esperientzien trukegunea

Derion, 2014ko TopaEgunean egingo den ekimen honetan euskaltzaleen elkarteen bederatzi esperientzia eta mugimendu feministaren egitasmo bat aurkeztuko dira, goizeko 11etatik aurrera, Kultur Birikan.

 

BEDERATZI ESPERIENTZIA

1.- Hogeitalau elkartea (Aiara) “Igande arratsaldeak familian”

Duela 12 urte, Hogeitalau Euskara Elkarteak eta Aiarako Udalak  sortutako ekimena dugu Igande arratsaldeak familian. Ibilbide luze honetan, ehundik gora emanaldi  dastatu dituzte bertan parte hartu duten Aiarako haur eta gurasoek.

Ekimena 3-10 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat pentsatuta dago bereziki, gurasoek eta seme-alabek elkarrekin parte har dezaten. Hilean behin programatzen da irailetik maiatzera, igande arratsaldez. Emanaldien formatoa: ikuskizuna, askaria eta esku-lan tailerra. Gainera, udalerriko leku guztietara ailegatzeko asmoz, herriz herri ibiltari mugitzen da ekimena.

Guraso eta haur belaunaldi desberdinak pasa badira ere, ekimenaren esentzia eta hasierako helburuak mantentzen dira, ondo diseinatutako formula arrakastatsuari esker, Arespalditzako irailaren 21eko azken ekitaldian ere hala ikusi zen.

 

2.- Ttakun (Lasarte-Oria) “Kultura saretzen”

Lasarte-Orian ospatzen dugun Euskararen Maratoia harreman sare zabal eta landu bati esker antolatu dezakegu. Era berean, Euskararen Maratoiak berak hornitzen, oxigenatzen ditu sare horiek. Sare horiek sortzea, mantentzea, elikatzea eta ahal den neurrian autonomoak izan daitezen lortzea da gure bete-beharra, euskararen normalizazioaren bidean.

 

3.- TOKIKOM “Eskualdetako hedabide plataformak”

Tokiko hedabideek 2012an TOKIKOM sortu zutenean, esparru eta produktu komunak kudeatzea izan zen helburu nagusietako bat. Lan-ildo horrekin lotuta, TOKIKOM Plataforma Digitala deitu dioguna da oraingoz emaitzarik ikusgarriena.

Tokiko hedabideen edizio digitala egiteko tresna da Plataforma Digitala. Eskualdekako agerkari multimediak sortzea errazten du, dagoeneko martxan dauden euskarrietako edukiak aprobetxatuz: testua, irudiak, bideoa eta audioa. Hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: aktualitatea, zerbitzuak eta komunitatea.

Komunitatearen bidez, Plataforma erabiliz sortutako agerkariak ahots zuzena ematen diete tokiko eragile eta norbanakoei, helburu argi batekin: HEDAbideak KOMUNIKAbide bihurtzea, herrian euskaraz mugitzen direnak egiten dutenaren berri euskaraz emateko tresna.

2013an, Plataforma bost agerkaritan jarri zen martxan: Anboto (Durangaldea), Goiena (Debagoiena), Guaixe (Sakana), Uriola (Bilbo) eta Ataria (Tolosaldea). 2014an ere, beste horrenbeste abiatuko dira.

 

4.- Abarrak (Arrigorriaga) “Kantatuaz”

Orain dela laupabost urte, Arrigorriagako Abarrak Euskera Elkarteak zenbait ekimen jarri zituen martxan, antzeko helburuaz: euskaraz bizi nahi dugunoi herrian eremuak zabaltzea,  ondo pasatuz, gozatuz ahal dela. Horietako bat Kantatuaz egitasmoa da. Ezer berririk ez, baina funtzionatzen ari dena: hilean behin kalerik kale abestera irtetea, giro euskaldunean.

 

5.- Aiaraldea.com “Aiaraldeko Herri Elkargoa”

Aiaraldea Komunikazio Leihoak egitasmo berri bati heldu dio: Aiaraldea Herri Elkargoa osatzea eskualdeko norbanako, elkarte, saltoki eta enpresekin. Elkargoa elkartasun espazio bat izango da, kide direnen garapena eta ongizatea sustatuko duena euskaraz egituratzen den komunitatea indartzeko eta euskararen erabilera soziala handitzeko.

Informazio gehiago

 

6.- Txatxilipurdi (Arrasate) “Berramesten”

Berramesten Arrasaten abian jarritako berrikuntza pedagogiko eta metodologikoa da, iturri ezberdin askotatik edanez, tartean Francesco Tonucciren obratik, Txatxilipurdi elkartearen lana eraldatu duena parte hartzea, haurren askatasuna, hirigintza sanoagoa eta beste hainbat kontzeptu uztartuz.

 

7.- Pil-Pilean (Soraluze) “Denboraren bankua”

Elkarteak aurrera egingo badu, ezinbestekoa izango da herriko euskaltzaleon laguntza eta parte hartze aktiboa. Gutariko bakoitzaren hondar alea beharrezkoa da, eta indar horiek uztartzen asmatzea -auzolana- izango da etorkizunean elkartearen jarduna egoki bideratzeko gako nagusia.

Normalean unean uneko beharren arabera jotzen du elkarteak euskaltzaleongana. Gure prestutasuna, disponibilitatea, gaiarekiko eskarmentu edo ezagutza, ustearen arabera kokatzen delarik. Batzuetan elkarte eta bazkidearen artean garatutako harremanaren ondorioz izaten da baina sarri intuizio edo ta inertzia hutsez jokatzen dela ere egia da. Denbora bankuak, komunikazioa alderantzizko norabidean bideratzeko aukera eskeiniko digulakoan gaude. Pertsona bakoitzak izan dezakeen prestutasunaren eta disponibilitatearen berri adierazteko modua izango du urtero, eta elkarteak informazio horren arabera antolatu ahal izango du bere jarduna, inertziak eta intuizioak gainditu eta harreman zubia errealak eraiki nahi ditugu euskararen normalizazioaren mesedetan.

 

8.- Bagera (Donostia) “Jardunaldiak”

XXI. mendean Donostia euskalduna nahi dugu eta horretarako Donostiako euskaltzaleak aktibatu beharra ikusi genuen Bageran. Bildutakoen parte hartzea bermatuz Donostia euskalduntzeko bidea marrazten hasi ginen lehentasunak adostuz eta ekintzak partekatuz. Bigarren urrats batean berriz, sortutako lan taldeetan ekintza zehatzen inguruan aritu ginen marraztutako bidea koloreztatuz.

 

9.- Egizu (Getxo) “Bizilagunak”

Zein da modurik onena jendea ezagutu eta arratsalde atsegina pasatzeko? Bazkari eder bat egitea etxean eta lagun berriak gonbidatzea! Horixe egin genuen  Getxon iazko azaroaren 17an: 16 etxetan egindako bazkarietan 32 familia batu genituen (erdiak Getxokoak eta beste erdiak Bolivia, Filipinak, Peru, Ekuador, Senegal, Errumania, Argentinakoak…) helburu bakarrarekin: elkar ezagutu eta arratsalde ederra pasatzea. Bizilagunak ekimena Europan sortu, eta Gipuzkoatik pasatu ostean, Getxora ere iritsi da. Egizu elkartean euskarari ere eman nahi izan diogu garrantzia ekimen honetan eta parte hartu zuten euskaldunak ere protagonista izan ziren.

 

 

Aldi berean, Gazte euskaltzaleen Topaldia egingo da, euskaltzaleen elkarteetan ari diren gazteen arteko topaketa, hain zuzen, gazte taldeen esperientziak trukatzeko.

 

Azkenik, beste esperientzia bat, 12,30etik aurrera:

“Aztarnak, emakumeen eta mugimendu feministaren oroimena” egitasmoa

Herrietako emakumeen eta mugimendu feministaren historia jaso eta ezagutarazteko egitasmoa. Mugimendu feministaren esperientzia interesgarri bat da, euskaltzaleontzako irakaspenak dituena.

3 comments for “Esperientzien trukegunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude