IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egingo dute 45 herritan

Martxoaren 12an  hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko dute  12. edizio hau, Euskal Herriko 45 herritan. Jendea euskarazko liburuak irakurtzera animatzeaz gain, egitasmoak liburuak elkarri oparitzea edo trukatzea ere proposatzen du, harremanak lantzeko praktika gisa.

Hamabigarrenez, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatuko ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera  sustatuz. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen du egitasmoak, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz.

 

Parte hartzeko pausoak

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu erraz emanda parte hartu daiteke:

  1. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango duzu.
  2. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  3. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu  %35 merkeago erosteko  aukera  emango digu. Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€ko  balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea  ekainaren 15era artekoa izango da

45 herritan

Esan bezala, aurten 45 herritan izango da  martxan ekimena eta nabarmentzekoa da aurreko lau urteetako  herri gehienetan eskainiko dela, egitasmoaren  balorazio onaren adierazle.

  • ARABA: Agurain. Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Zigoitia, Legutio,Gasteiz.
  • BIZKAIA: Balmaseda, Ondarroa, Ermua, Atxondo, Mañaria, Zamudio, Igorre, Sopela, Getxo, Lezama.
  • GIPUZKOA: Soraluze, Ordizia, Orio, Legazpi, Lazkao, Zaldibia, Beasain, Hernani.
  • NAFARROA: Ultzalmaldea, Lizarra, Burlata, Sakana, Berriozar, Berriobeiti, Antsoain, Atarrabia, Uharte, Aranguren, Zizur nagusia, Malereka, Iruñea, Leitzaldea, Barañain, Esteribar.

Kanpainaren eragin positiboa

Aurreko edizioetan frogatu da kanpainak eragin positiboa izaten duela herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat  horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile  bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina  kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Txalaparta.

Bidelagunak

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, Mankomunitateen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker burutzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du. Halaber, Nafarroako Foru Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren kultura sailak zein eta Bizkaiko Foru Aldundia beharrezko babesle izango dira 12.edizio honetan.